Datorren domekan, Juan Reyero, Gorka Campos eta Marco Antonio Muñoz Eleizbarrutiko 180 abadeen taldean sartuko dira. On Joseba Segura Bilboko gotzainak aste honetan alkarrizketa baten adierazo dauanez, aurton, bere historiako 75 urteotan lehenengo aldiz, BIlboko Eleizbarrutian 200 abade baino gitxiago izango dira.
Bizkaian, domekatik aurrera, hiru abade gazte izango badira be, abadeen batez besteko adina 70 urtekoa da eta belaunaldien arteko erreleboak ez dau erraza emoten, ez dago-eta bokazinorik. Egoera hau gure inguruan antzematen dan “erreferentzia erlijiosoaren galeraren” isla da, gotzainak Radio Popular-Herri Irratian eskainitako alkarrizketan adierazo eban lez.
Domekaz, katedralean, arratsaldeko 18:00etan hasiko dan eleizkizunean abade egingo diran hiru abadegaiok, bere 75. urteurrena dala-eta, kurtso bereziari ekingo deutsan BIzkaiko Eleizaren oraina eta geroa dira.
Ignacio Fernandez seminarioko errektoreak Bizkaia Irratian azaldu ebanez, eleizkizunagaz ez da ezer amaitzen, “dana hasi baino. Une bereziari ekiten jako, nork bere burua emoteko, norbera husteko, Jaunagaz eta jenteagaz egoteko uneari”.
Tres nuevos curas para Bizkaia https://t.co/iqsL7X4UtL a través de @RadioPopular
— Bilboko Elizbarrutia (@DiocesisBilbao) September 12, 2024
Bizkaia Irratian egin eutsen alkarrizketan errektoreak esan ebanez, Bizkaian abade-kopuruak behera egin badau be, gora egin dabe abaderik ez dagoanean egiten diran Jaunaren Eguneko ospakizunek.
Bizkaiko Eleizbarrutiak beste hiru abade barrigaz hasiko dau ikasturtea https://t.co/34xEhwE3sm a través de @BizkaiaIrratia
— Bilboko Elizbarrutia (@DiocesisBilbao) September 12, 2024
Patxo Ateca eta Gaizka Egaña abadegaiak geratu dira Seminarioan. Aitatutako horreek, domekaz ordenatuko diran hirurek eta hezitzaileek Kataluniara erromesaldia egin eben joan dan astean.
Juan, Gorka eta Marco Antonio ordenazinoa dala-eta
Urduri eta ilusinoz beteta agertu dira domekako ospakizunaren aurrean
Juan Reyero 35 urteko madrildarraren esanetan, “pozik eta Jainkoari eskerrak emonez” emongo dau urrats hau. Autortu dauanez, “bidaia luzea izan da; harridura sentitu izan dot askotan, baina baita makaltasuna be”. Eskerrak emon gura deutsez ibilbide horretan “laguntasuna eta babesa” emon deutsen guztiei, euren “maitasuna eta otoitzak funtsezko” izan diralako bere bokazinoan. Abade lez, “besteen zerbitzari, batez be txikieenen eta behartsuen zerbitzari” izan gurako leuke. Ama Teresa da bere ereduetako bat eta, beronen antzera, “maitasun eta bakearen bitarteko izan gura dot, Kristoren mezua gure Eleizbarrutiko leku guztietara eroanez”. Juanek Gernikaldeko alkarteetan lagunduko dau.
Gorka Campos bilbotarraren eretxiz, garrantzitsua da “otoitzari lotutako abade izatea, Jauna iragarten dauan eta jentearengandik gertu dagoan abade izatea”. Bere esanetan, “eguneroko ekintza txikiek” markatzen abe abadearen lan eta zerbitzua. Gorkak Begoñako Artagan Pastoral Barrutian jardun izan dau eta hilabete honetatik aurrera Areetan, Algortan dago. Abegi egin deutsan alkarteagaz batera, bere ametsetako bat beteten saiatuko da: “besteak zorioneko egin”.
Aitor Uribelarrea seminarioko errektore ohiaren bitartekotzaz Ekuadorretik Bizkaira etorri zan Marco Antonio Muñozek autortu dauanez, askotariko sentimentuak ditu: “zoriona, tristura, urduritasuna, ilusinoa…”. Bere ustez, gaur egun abade izatea, “haizearen kontra joatea da” , “galtzeko zorian” dalako. Baina serio jarrita, zera dino: “dei bati erantzutea da, norbere burua deitzaileari, Jesukristori, eta honen bitartez Jainkoaren herriari, oso-osorik emotea”. Bere ustez, garrantzitsua da gizarteari “bokazinoaren zoriontasuna, gure izatasuna, eginkizuna eta gure biziaren oinarria” agertzera emotea. Markok Erandio, Astrabudua eta Leioan jardungo dau.