Ekitaldia, ESIC Universityn izango da bihar, 19:00etan eta On Joseba Segura gotzainagaz batera, beste honeek be jardungo dabe: Jerzy Nawojowski eta Javier Lopez Edith Estein katedrakoak eta Juan Jose Arnaiz Ecker Jesusen Bihotza Abadeen kongregazinoko probintzialak.
Orain dala urte bi Edith Stein katedrak ospatu eban XII. biltzarrean parte hartu eben hamar lagunen gogoetak jasoten ditu liburuak. “h
Bilboko gotzainak, erreparazinoa eta adiskidetzea Euskal Herrian gaiaren haritik jardun eban biltzarrean. Batez be “Eleizaren Doktrina Sozialean” islatzen dan “haragitutako jakituria ebanjelikoaren aberastasunean” oinarritutako begirada eskaini eban.
Aitatutako liburuan argitaratu dan On Joseba Seguraren gogoeta, zuzentasun barritzailearen ingurukoa izan zan eta horren haritik izandako esperientziak kontatu ebazan.
Ikasgeletan biktimak aurkeztea ahalbidetzen dauan Adi-Adian ekimena positibotzat jo eban, pertsona horreek euren lekukotasuna emonez, “bakearen lekuko” bihurtzen diralako.
Gotzainak, aieran, “erreparazino eta adiskidetzerako une apur eta eder horreek zaintzearen, sustatzearen eta ugaritzearen alde” egin eban.
Katedra
Edith Stein katedrak “gaur egungo psikologiaren ekarpenik nabarmenenen eta giza espiritualtasunaren askotariko adierazpenen arteko hartu-emon emonkorra sustatu gura dau; batez be mendebaldeko maisu espiritual handien irakaspenetatik eratorritako kristau pentsamenduari lotutakoak”.
Katedrako lagun bik parte hartuko dabe biharko aurkezpenean.
Eleizbarrutia, biktimen aldeko omenaldian
Adiskidetzearen haritik, gaur eskultura inauguratuko da Bilbon, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen omenez.
`Atalase´ bat egiteko, hausnartzeko eta biktima guztiak omentzeko eremua da. Imanol Pradales Lehendakaria buru dala egingo dan ekitaldian izango dira BIlboko alkatea eta Bake eta Adiskidetzerako Foro Bilbao erakundeko ordezkariak. Kerman Lopez bikario nagusiak be parte hartuko dau gotzainaren izenean eta, beragaz batera, Galo BIlbao Bake eta Bizikidetzarako Foroko kideak eta Luis Mari Vega Bake eta Adiskidetzarako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeko arduradunak.