22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Juan Mari Garatea hil da, gizon on eta laguntzailea
10.12.2024

Juan Mari Garatea hil da, gizon on eta laguntzailea

Joan dan domekaz, abenduak 9, Juan Mari Garatea Goicochea abadea hil zan 88 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -abenduak 11, eguaztena- ospatuko da, 19:00etan, Lekeitioko Andra Mari basilikan. Euskal diasporako alkarte batzuetako kapilau izan zan Ipar Amerikan.

Garatea Lekeition jaio zan 1936ko urtarrilaren 26an eta 1959ko ekainaren 28an egin zan abade Bilboko San Frantzisko parrokian. Abade egin ondoren, Mendexako San Pedro Ad Vincula parrokiako ekonomo izendatu eben eta zazpi urtez egon zan karguan. 1966an, Idahora (USA) joan zan ingelesa ikastera eta bertan emon eban bete bizitza gehiena, besteak beste, euskal diasporaren kapilau izanez.

Juan Marik berak orain dala urte batzuk Deustuko Unibertsitatearei erreportaje bat egiteko eskainitako alkarrizketan azaldu ebanez, Idahon emon ebazan lehenengo lau hilabeteetan, monja mexikar batek ingeleseko eskolak emoten ebazan ikastetxera joan zan hizkuntza ikastera eta, apurka-apurka homiliak ingelesez egiten hasi zan, “itzuli eta grabatu egiten eutsezan gazte batzuen laguntzari esker”. Utahn mormoiek eben ahal handia be gogoratzen eban Juan Marik, jenteak egin eutsan abegi ona, euskal jaialdiak, artzainen bizi-baldintzak eta eurakaz egiten ebazan otorduak…

Zortzi hilabetez beste abade bategaz Twin Fallsen jardun ondoren, Shoshoneko parrokia bat kudeatzen hasi zan. Hamabi urtez lagundu eutsan Twin Fallseko mexikarren alkarteari eta, ondoren, Burleykoari. Bere esanetan, pozik egon zan leku guztietan, baina, batez be Twin Fallsen, hango jenteak danetik oparitu izan eutson-eta: aulkiak, bankuak, ohea.., urtean 5.000 dolar irabazita, ezin eban-eta altzaririk erosi.

Juan Mari Garatea
Juan Mari, Kepa Agirre eta azken urteetan zaintzaile izan dauan emakumea.

On hutsa

2006an bueltatu zan jaioterrira, Lekeitiora, eta hementxe hil da. Kepa Agirre abade lagunaren esanetan, “on hutsa” zan. Gizon zintzoa hitz egin baino gehiago, entzun egiten ebana, eta beti laguntzeko prest egoana.

Juan Mari Garatea
Azken urtebetetzea ospatzen
Juan Mari Garatea

Lekeitiora itzultzeaz batera, parrokiako pastoralgintzan laguntzeko prest agertu zan. Luzaroan, Eukaristia ospatu eban domekero eta, ahal izan eban bitartean, beste herri batzuetara be joaten zan, batez be udaldian, oporretan egozan abade lagunak ordezkatzeko.

Denporea eroian gurpil-aulkian, baina domekero joaten zan mezetara, gainerako eliztarrakaz batera, eta altara ondoan ipinten zan. Hil aurreko domekan be hantxe izan zan.

Lekeition, lagun-taldea eban eta sarri egiten eban hitzordua eurakaz. Gustuko eban barriak jakitea.

Goian bego!