24-01-2025 Viernes, II semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Barrikuntzaz betetako hitzordua Gernikan
23.01.2025

Barrikuntzaz betetako hitzordua Gernikan

On Joseba Segura Bilboko gotzainak, Iñaki Orbe Hezkuntzarako Bizkaiko ordezkariak eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak emon deutse hasiera EBI STEAM azokari San Fidel Ikastolan. EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko ikastetxeetako 1.000 ikasle inguruk parte hartu dau.

Gernikako San Fidel Ikastolan ospatu da gaur STEAM zientzia-arteari buruzko azokaren laugarren ekitaldia.

EBI (Elizbarrutiko ikastetxeak) sareko adin eta maila guztietako 1.000 ikasle inguruk askotariko egitasmoak aurkeztu dabez, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, artearen eta matematiken arloak, hain zuzen be gaurko hezkuntzetan ezinbesteko joten diran arloak landu ondoren. 

On Joseba Segura gotzaina, Iñaki Orbe Hezkuntzarako Bizkaiko ordezkaria eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea izan dira ekitaldiaren hasieran. 

Gotzainak adore emon deutse ikasle zein irakasleei, etengabe arakatu, ikasi eta galderak egin daiezan.

“Jakin-mina da gizakia mobiduten dauan indarretako bat eta jakin-min horrek jakintza eta bizitza osora daroa. Gogoratu STEAM jakintzagaiek munduaren funtzionamenduaz gehiago jakitera bagaroez be, gogoeta egiten be laguntzen deuskuela, danon artean mundu zuzen, jasangarri eta solidarioa egin daigun”.

Segurak Ekialde Hurbileko gatazka be gogoan izan dau eta, batez be, Gazako mutiko eta neskatoek jasaten daben egoera, gaur egun be, su-etena indarrean egonda be, egundoko atsekabea eta zailtasunak bizi dabez-eta.

Egitasmo barritzaileak

Ikastetxeetako ikasleek aurkeztutako egitasmo barritzaileak ikusi ahal izan dira azokan: auto elektrikoak, hainbat programazino-sistemez egindako robotak, sistema hidraulikoak, simulazinoa, mikromobikortasuna, 3D inprimaketa, patineteak, e-bikeak, zientzia-zabalkunderako ekimenak, joko zientifikoak eta makina bat esperimentu.

STEAM azokaren helburu bikotxa

Alde batetik, gaurkoa lako ekitaldiakaz, EBI Eleizbarrutiko ikastetxeen sareak zientzia-bokazinoak sustatu gura dabez ikasleen artean; horrezaz gainera, azken urteotan ikastetxe eta ikastoletan garatzen diharduen metodologia barritzaileen emaitzak agertzera emotea da helburua.

Batez be, egitasmo eta erronketan oinarritutako ikaskuntza

EBI

EBI sareak Bizkaia osoan hesatuta dagozan 18 ikastegi ditu, ikastola, ikastetxe eta lanbide heziketarako ikastegiak. 12.000 ikasle inguruk ikasten dau bertan 1.000 irakasle inguruk lagunduta. Haur Hezkuntza eskaintzen dabe 0 urtetik hasita, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa maila guztietan,hezkuntza berezia edo lanerako heziketa. 

Heziketa-talde aitzindaria

EBI sarea aitzindaria da heziketa-eredurik aurreratuenan ezarri eta zientzia- eta teknologia-jakintzagaiak bultzatzean. Aitzindari izan da, baita be, robotika edo xakea eskola-curriculumean sartzen, adimen logiko-matematikoa sustatzeko. 

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: EBI, Gernika