IV. ekitaldi honetan, lehenengo aldiz eskainiko jako Ohorezko Aitamena talde bati, hain zuzen be, “Euskal Baliabideak taldeari”, 1992tik hasita liturgiarako testuak itzultzen eta prestazen diharduan taldeari. Hasieran, sasoi haretan bikario nagusi zan Andoni Gerrikaetxebarriak koordinatu eban taldea. Taldekide ziran Lontzo Zugazaga, Juanito Gallastegi, Jose Luis Iza eta José Mari Rementería. Azken honek, hil osteko aitamena jasoko dau pastoral eta kultur arloan egindako ekarpenagaitik.
Alkarren Barri aldizkariak eta Bizkaia Irratiak mahai-ingurua antolatu eben joan dan astean talde horretako kideakaz. Otsaileko argitalpen digitalean jasoko da ekitaldi hori.
Juan María Iraolagoitia senarragaz batera -honek hil osteko aitamena jasoko dau- euskeraz egiten dan irratiaren aitzindari izan zan Inmaculada Gallastegik be jasoko dau Ohorezko Aitamen komunikabideen bitartez euskal kulturaren eta euskeraren alde egindako lanagaitik.
Antonio Linaza abadeak be jasoko dau aitatutako aitamena. Musikaren arloan eta Bizkaiko Eleizan euskerazko komunikazinoan egindako ekarpena autortuko jako.
Aitamena
2015ean hasi ziran Ohorezko Aitamena emoten, Eleizbarrutiaren eta gizartearen aldeko zerbitzuan, kulturaren arloren bat garatuz eta Barri Ona gure kulturan txertatzen lagunduz nabarmendu izan diran pertsonei autorpena egiteko.
Aitamen honek Carmelo Etxenagusiaren izena daroa, Bilboko Gotzain Laguntzaile izan zan eta ebanjelizatzearen eta gizartearen aldeko zerbitzu esanguratsua eskaini ebanaren irudiari ohore egiteko.
Aurreko ekitaldietako sarituak
Orain dala 10 urte ospatu zan Ohorezko Aitamenen I. ekitaldia. Orduan, honeentzat izan zan Aitamena: Felix Garcia Olano kazetariarentzat, komunikazinoaren arloan, Benito Ansola Erkiaga abadearentzat, fede eta kulturaren arloan eta Gurutzi Arregi Azpeitia etnografoarentzat (GB), Eleizaren kultur ondasunen zabalkudearen arloan.
2018an ospatu zan II. ekitaldia. Oraingoan, Jose Angel Ubietak (GB) jaso eban aitamena, Eleizbarrutiko kultur sustapenean, Begoña Andonegik heziketa eta fedean eta Martzel Andrinua fraile pasiotarrak (GB), fedearen eta euskal kulturaren alde egindako lanagaitik.
2022an ospatu zan Carmelo Etxenagusia III. Ohorezko Aitamenagaz Eleizbarrutiak On Joan Maria Uriarte gotzainari (GB) egin eutsan autorpena, bakegintzaren, fedearen eta kulturaren sustapenaren arloan egindako lanagaitik. Ander Manterolak be jaso eban aitamena, kulturaren, heziketaren, ondarearen eta fedearen arloan egindako ekarpenagaitik eta Miren Josune Ariztondok Bizkaian heziketa eta fedearen arloan egindako ekarpenagaitik. Angel Mari Unzueta abadeari hil osteko aitamena emon eutsen euskal kultura eta historian, pastoralgintzan eta fedean egindako ekarpenagaitik eta Kultur Erakundearen Mahaiaren bultzatzaile izateagaitik.
Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamenaren IV. ekitaldia
Aurton, ekitaldia BBK aretoan (Kale Nagusia, 19) ospatuko da, 11:00etan, jarduera honen sustatzaile dan Kultur Erakundeen Mahaiaren partaidetzagaz eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina bertan dala.