Airetiko irudiek Elorrio erdi aroko herribilduaren edertasuna agertzen dabe. Zerutik begiratuta, Berriotxoako San Balendinen jaioterriaren ondare historiko eta erlijioso aberatsaz gozatzeko aukera emoten jaku.
Airetiko irudien bitartez, Goazen kurtso hasierako erromesaldian ezagutuko dan ondare aberatsa ikusten da. Esukal gotiko berantiarreko harribitxia eta ibilbide guztien jomuga dan Sortzez Garbia jubileu basilika ikusgarriaz gainera, ibilbide horreek zeharkatuko dabezan leku esanguratsuak be agertzen dira, Ibilbideok fedea alkatean bizitzeko aukera dira.
Erromesaldia: Historia- eta fede-bidea
Izendatutako leku bakotxetik atara eta Jubileu tenplura helduko dan erromesaldia da ekitaldi nagusia eta 10:45etan hasiko da. “Bide” sinboliko eta benetako honek Itxaropenaren Jubileuaren sena agertu gura dau.
Basilikan amaituko diran ibilaldiak leku esanguratsuotan hasiko dira: XI. gizaldiaren hasieran eraiki eta XV. gizaldian berreraiki eben San Agustin eleiza; Euskal Herriko erdi aroko kanposanturik zaharrenetakoa dan eta VII. eta IX. gizaldi bitarteko sarkofago eta hilarriak dituan Argiñetako nekropolia; San Antonio Abadea ermita, abereen zaindariari eskainita, gure herriko kulturan sustraituta dagoana; San Balendini eskainitako museoa jasoten dauan monja domingotarren monasterioa eta Maria Bitarteko eleizbarrutiko ikastetxea, heziketa-eredu Bizkaian.
Alkartean bizitzeko egitaraua
Goizeko 10:00etan helduko dira autobusak Elorriora. 10:45etan, partaideak basilikarainoko erromesaldiari ekingo deutse. Hara heldu eta kafea hartu ondoren, banako autortzarako tarteai izango da.
Eguerdiko 12:00etan egingo da sarrera nagusia basilikara, tenpluari buruzko azalpenak emongo dira eta, gero, “Goazen” ekitaldiaren senari, Eleizaren egitekoari eta Sinodoari buruzko gogoeta egingo da. Eukaristia ospatuko da 12:30etan eta bertaratutakoek kopau bat hartuko dabe alkarregaz, alkarte lokarriak estutzeko eta kurtsoari itxaropentsu ekiteko.
#Goazen25 #75urte #batera pic.twitter.com/No5TEWHcVC
— Diócesis Bilbao (@DiocesisBilbao) September 17, 2025
Edertasunaz gozatzeko deia
Ekitaldia iragartzeko airetik irudiez baliatzeak badau bere xedea: eleizbarrutiaren fedea eta ondarea begirada barriaz, begirada zabalagoaz, garaiagoaz eta ederragoaz antzemateko deia da.
Bilboko eleizbarrutiak dei egiten deutse eleiztarrei Elorrion egingo dan kurtso hasierako ekitaldian parte hartu daien. Gertaera ez ezik, alkarte eta fede esperientzia izan gura dau, aukera bikaina 75. urteurreneko ekitaldien amaiera be ekarriko dauan jubileu urte hau alkartean hasteko.