Eguerdiko 12:00etan zabalduko dira Axpe Busturiako Andra Mari eleizako ateak bisita gidatu bikaina egiteko. Bertaratutakoak eleiza esanguratsu honen historia, arte eta bilakaeran murgilduko dira.
Ekitaldiari hasiera emoteko, dibulgazinozko bideoa (euskeraz) proiektatuko da. Ikus-entzunezko honen bidez nabarmenduko dira eleizaren ezaugarriak eta garrantzia, jatorrietaraino joz. Zenbait historialariren ustez, 1051. urtea baina lehenagokoa da hasierako eraikina. Gaur egungo eraikinaren arkitektura-bilakaera zoragarriaren arabera, XVI. gizaldiaren lehenengo hamarkadetan eraikitakoa dala esan daiteke.
Bideoan, balio handiko xehetasun artistikoak be agertuko dira, esate baterako, hegoaldeko aurrealdea, Errege Katolikoak estiloaren eredu argia, barruan dagozan erretaulak -tartean, erretaula nagusi neoklasikoa eta Arrosarioko Andra Mariaren erretaula barrokoa-, kustodia eta organo barrokoa, jatorri gotikoko multzo soil honen ondarea aberastu egiten daben osagaiak.
Gero, bisita gidatua egingo da (gaztelaniaz) eta korura be igoko da organoa hurratik ikusteko.
Historia dauan altxorra
Axpeko Andra Mari eleiza Busturiako Axpe auzoan dago. Gotiko berantiarreko arkitekturan kurutzeria-gangetan amaitutako nabea eta hegoaldeko aurrealde ikusgarria nabarmentzen dira. Kanpantorrea, estilo klasizista dauana, 1642koa da eta 1855 inguruan gehitu jakon sakristia neoklasikoa. Inguruko zenbait aurkikuntzek, esate baterako nekropoli baten arrastoek, leku honen ohitura sagaratua berretsi baino ez dabe egiten.