Mobilizazinoakaz bat egiteko proposamenak protesta eta laguntza humanitarioa lotu gura ditu. Alde batetik, lanuztearen kostua langileei dirua kendu barik bere gain hartzeko eskatu deutsie gotzaitegiari. Bestetik, eleizbarrutiko erakundeetako langileei be eskaria egin jake egunari dagokion soldataren dirua Cáritas Internationalis erakundearen bitartez kudeatuko dan Lurralde Santurako funtsera zuzendu daien.
“Eta koherentziaz, alkartasun zeinua gehitu gura deutsagu jarduerari”, azaldu dabe Bake eta Adiskidetzerako Batzordeak eta Langile Pastoraltzak sinatutako agirian, Leon XIV.a aita santuak “bake armagabetu eta armagabetzailearen alde” egindako deialdiagaz bat egiteaz batera.
Gazarako funts zuzena
Batu daiten dirua beren-beregi zuzenduko da “Lurralde Santura bertako premina gorriei aurre egiteko”, Gaza izango dalarik diru horren lehentasunezko jomuga. Horretarako, ES44 3035 0019 9401 9001 5422 (Laboral Kutxa) kontu-zenbakia izendatu da diru-sarrerak egiteko, kontzeptuan “GAZA” ipinita.
Ekimenak, U-15eko mobilizazinoagaz bat etiteaz gainera, eleizbarrutiko egituretan alkartasunezko eragozpena intituzionalizatu egiten dau, “eleizbarrutiko erakundeei lotutako pertsonei” bat egiteko dei eginez.
Agiriari amaiera emoteko, Jubileua deitzeko Buldara jo eta itaun hau egiten da: “Gehiegi ete da armak isildu dirala eta suntsitzeari eta hiltzeari itzi deutsela amestea?”.