08-11-2025 Sábado, XXXI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 75. urteurrena 5 Oroimenaren Egunaren 15. ekitaldia
06.11.2025

Oroimenaren Egunaren 15. ekitaldia

2010etik aurrera, azaroaren 10a egun esanguratsu bihurtu da euskal gizartearentzat eta gure Eleizarentzat. Egun hau aukeratu eben, urteko 365 egunen artean, bakarrik horretan ez dalako izan hildakoak eragin dituan atentaturik. Bake eta Adiskidetzerako Batzordetik adierazo dabenez, "egun horrek gertatutakoa eta sekula gehiago gertatu behar ez dauana gogorarazoten deusku. OROIMENA egiteko eguna da". Batzordetik, dei egin dabe, gainera, egunotan antolatuko diran ekitaldietan parte hartu daigu. Bilboko bikaritzek, esate baterako, alkarte otoitzaldi eta ospakizuna egingo dabe"Indarkeriarik ezaren misiolari atzo eta gaur" goiburuaren haritik, datorren martitzenez, azaroak 11, 19:00etan, Bilboko Sortzez Garbia eleizan.

2025ean, Bilboko eleizbarrutiaren 75. urteurrena ospatu dogu. Hain zuzen be, datorren domekaz, oroitzapenezko ekitaldiei amaiera emongo jake. Urte hau, Bake eta Adiskidetzerako Batzordetik azaldu dabenez, “oroimena egiteko eta bizi izandako historiatik ikasteko aukera izaten ari da. Atsekabe handia, zauri sakonak eta biktimak eragin dituan gatazkek eta indarkeriek arrasto sakona itzi dabe 75 urteotan. Aldi berean, Jesusen Jainkoak eten barik erein ditu bere Erreinuaren haziak eta indarkeriari aurre egiteko ahaleginak adoretu, gizon eta emakume guztien duintasunaren alde eginez eta entzute, hartu-emon eta enpatiarako eremuen bidez bizikidetza normalizatua bilatuz”

Oroimenaren Eguna 2025

Itxaropenaren Jubileuak sasoirik gogorrenetan jasandako indarkeriaren basakeriari eta gaur egun indarrean diran indarkeriei begiak ez ixtera deitzen gaitu. Ezinbestekoa dogu kristau nortasunaren oinarrizko printzipioetatik gure etorkizunaren zimenduak ipintzeko oroimen eta adiskidetzerako eremuak eskeintzen jarraitzea.

Batera jarri eta oroitu

Bake eta Adiskidetzerako Batzordetik jakinarazo dabenez, datozan asteetan ekitaldiak proposatuko dabez lurraldeetan (pastoral barrutian edo bikaritzan) gure gogoetak batera jarteko eta oroitzeko, “biktimenganako sentiberatasuna bizteko eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko”.

Hauxe da egiten deuskuen eskaria: “Azaroaren 10ean, kontuan hartu egizue zuen otoitzean gertu dozuen biktimaren baten egoera. Jesusen Jainkoaren aurrean jarri eta errezatu ondorengo otoitz hau edo besteren bat hainbeste lagunek jasandako oinazetik eta zauriak sendatzen eta bihotzak adiskidetzen lagunduko deuskun oroimen zuzenaren guraritik”.

Emoiguzu, Jauna, kanposantuetako bakea

eta batzuei egundoko irabazia dakartsen bakea

salatzen dauan bake artega.

Emoiguzu bakearen alde borrokatzen dauan bakea.

Erreinuaren preminaz

astintzen gaituan bakea.

Espirituaren indarraz

ohikeria eta bildurrean,

hondartzetako lasaitasunean

eta babeslekuko otoitzean

barru-barruraino sartzen dan bakea.

Apurtutako armen bakea,

armen porrotetako bakea.

Zuzentasun-gosearen bakea.

Lortutako askatasunaren bakea.

Hesi eta muga barik

“geure” egiten dan bakea.

Hau da, shalom, salaam,

parkamena itzulera, besarkada.

Emoiguzu zure bakea.

Betleemen letraka esaten dan

eta kurutzean azkenetan dan

eta Pazkoan garaile dan bakea.

Emoiguzu, Jauna, bakean izten ez gaituan

bake artega ha.

 


Pedro Casaldaliga

Imagen de un acto institucional del Día de la Memoria, en una edición anterior.