13-02-2026 Viernes, V semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Bilboko gotzaina: “Indarrean da salbazinorako kristau proposamena”
13.02.2026

Bilboko gotzaina: “Indarrean da salbazinorako kristau proposamena”

"Salbazinoaren preminarik" ez dauala uste dauan gizarte honetan, salbazinorako kristau proposamena indarrean dala esan eban atzo On Joseba Segura Bilboko gotzainak. Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak antolatu eta Estrella Moreno bertoko zuzendariak aurkeztu eban ekitaldiaren barruan jardun eban gotzainak. 

“Salbazinoa, kristau proposamena horren beharrik ez dauan mundurako” goioburuaren harrira, On Joseba Segura gotzainak diagnostiko argia aurkeztu eban: “alkarri berbarik egiten ez deutsoen mundu-ikuskera bi” bizi doguz. Alde batetik, salbatzeko preminarik ez dauala hots egiten dauan kultura; bestetik, gaur egun be giza bihotzaren zauririk sakonenei erantzuna emoten deutsen Barri Ona.

Estrella Moreno ETPIko zuzendaria ekitaldia aurkezten

Salbatzeko preminarik ez dauala uste dauan kultura

“Salbazinoaren hizkuntza antxinakotzat, zaharkitutzat eta, batzuetan, susmagarritzat joten da”, esan eban gotzainak. Bere esanetan, gaur egungo europar testuinguruan, askoren ustez erlejinoa iraganeko kontua da eta batzuentzat kaltegarria be izan da. Horren parean, zientzian, teknologian, politikan edo psikologian jartzen da uste osoa, guzti horreek giza garapenerako nahiko dirala pentsatuta.

Baina, Segurak adierazo ebanez, bada paradoxa bat: “Aldi berean, egonezin sakona atzematen da, gero eta hedatuago dagoan larritasuna, hiper-konexinoaren erdian dagoan gizartea”. Bere ustez, ongizate materialak ez dau zentzunaren inguruko krisia deuseztatu.

Aretoa bete egin zan

Bost tirabira

Gotzainak bost tirabira aitatu ebazan “kultur ikono” eta “ikono ebanjeliko” deitu ebazanen artean.

1. Autorrealizazinoa edo jasotako nortasuna

Guztiz hedatuta dagoan “zu zeu izan zaitez” mezuaren aurrean, kristau nortasuna asmatu ez ezik jaso egiten dala esan eban On Joseba Segura gotzainak. Bere esanetan, “ez dot bizitzea merezi dodala erakutsi beharrik. Autortuta daukat hori”.

Bateoan, kristauak bere izenez deitua eta musu-truk maitatua izan dala ospatzen dauala gogoratu eban. Esan ebanez, “onarpena, merituaren aurretik da”, beste ezer baino lehen balioa erakutsi beharra beharrezko dan beste sistema batzuekin alderatuta. 

Bere eretxiz, askatasun absolutua eskaintzen dauan kultur agintariak, azkenean, akidura dakar: “agintzaria, askatasuna zan, baina emaitza, akidura da”.

2. Terapia edo parkamena

Bigarrenik, pekatuaren hizkuntzaren desagerpena aitatu eban: “Lehen pekatua zana, orain trauma edo osasun-arazoa da”. Psikoterapiaren garrantzia ukatu barik, norbere erantzukizuna ezerezteko arriskuaz ohartarazo eban.

Azaldu ebanez, “arazoa ez da terapia, erruaren, parkamenareneta adiskidetzearen hizkuntza erabat desagerrarazotea baino”. Egindako gatxa autortu ezik, “ez dago ez parkamenik, ez adiskidetzerik, bakarrik aldarrikapena”.

Seme xahutzailearen parabola aurkeztu eban ikono ebanjeliko lez: “Pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka”. Pekatua izendatzeak aitaren besarkada jasotzea eta duintasuna berreskuratzea ahalbidetzen dau.

3. Aurrerapena edo kristau itxaropena

Gotzainak zalantzan jarri eban aurrerapen tekniko edo politikoan oinarritutako salbazino immanente hutsaren ideia. Giza mugak gainditzea agintzen daben joera transhumanista barriez be ohartarazo eban.

Bere esametam. “kristau itxaropena ez da historiaren bilakaerari buruzko baikortasunean. Gertaera jakin baten oinarritzen da: Kristo biztu egin da”. Hori argitzeko, Ipar Irlandako bake prozesuan esku-hartu eban eta urte askotan “Jesukristo berbiztu” egin daneko ziurtasunean iraun eban Alec Reid irlandar abade erredentziotarraren lekukotasuna gogoratu eban.

Gotzainak nabarmendu ebanez, berbizkundea ez da ikur espiritual hutsa, gorputzean eta historian eragina dauan benetako itxaropena baino. Esan ebanez, “nahiago dot biktimak gogoratzen dituan itxaropena, behin betiko ahazten dituan itxaropenaren gainetik”.

4. Banakako espiritualtasuna edo alkartasuna

“Kartara” aurkeztutako espiritualtasunaren gorakada be aztertu eban. Hori, “espirituala naz, baina ez erlijiosoa” esaldian laburtzen dala esan eban. Partaidetza egonkor eta alkarte konpromiso bako bilaketa.

Horren parean, “inor ez da bakarrik salbatzen”, aldarrikatu eban. Charles Peguy aitatu eban: “alkarregaz salbatu behar dogu”. Kristau fedeak herri bateko kide izatea eta bestee batzuen, baita desbardin pentsatzen dabenen, bizilagun izaten ikastea dakar beragaz. 

Dana dala, gotzainak autortu ebanez, gaur egun kistau alkarte asko ez da gazteentzako eremu erakargarri eta esanguratsurik eskeintzeko gauza. Benetako akonpainamendua aurkitzen dabenean, “katigatu” egiten dira.

5. Azkartzea ala atsedena

Presaren eta hiper-konexinoaren kultura be tirabiratzat jo eban. pantailek eragiten daben mendekotsunaz eta, batez be gazteen artean, adimen-osasunean dabezan eraginez ohartarazo eban.

Larritasunaren aurrean, Jesusen deia gogoratu eban: “Zatoze nigana nekatuok”. Salbazinoa, orain aldia isiltasunean, otoitzean eta domekako erritmoan bizitzen ikastean be zehazten da.

Liturgia aldiaren eta ohikuneen balioa aldarrikatu eban denpora produktibitate hutsetik askatzen daben eremutzat hartuz. Eukaristian fedea transmititzea, gaur egungo erronkarik handienetakoa dala esan eban.

Kontaketa bi

Amaieran, kontaketa bi jarri ebazan aurrez aurre. Sekularra, bakotxak bere burua salbatu eta bere zentzuna eratu leikela dinoana. Kristaua, nortasuna doea dala, gatxa parkatu egin daitekela eta azken hitza ez dala ez bidebakokeria ez heriotzarena aldarrikatzen dauana.

“Salbazinoa, zerutik jasotako opari ez bada, ezinezkoa da”, esan eban.

Eleiza eta gizartearen arteko distantziak markatutako kultur testuinguruan, gotzainak dei egin eban, alkarrizketarik uko egin barik kontrastearen kontzientzia berreskuratzeko. Bere esanetan, “Barri ona ez da iraganeko hondakina, gaur egungo gizon-emakumearen gurari sakonenei erantzuteko gauza dan proposamena baino”:

Juan Mari Bautista misiolariak gotzaina agurtu eban berbaldiaren amaieran. Laster bueltatuko da Ekuadorrera Euskadin denporaldi bat emon eta gero.
Un momento de la intervención del obispo ayer

Hemen argitaratuta: Gotzaina, Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: ETPI