13.10.2026

DOMUNDen mendeurrena

Datorren asteburuan, Misinoen Munduko Eguna, DOMUND Eguna, ospatuko dogu. Aurton, jardunaldiak 100 urte beteko ditu. 1926an, Pio XI.a aita santuak urriaren azken-aurreko domeka izendatu eban Misinoen Munduko Domeka, Fedearen Zabalkunderako Aita Santuaren Ekintzaren alde. “DOMUND” izena Angel Sagarminaga Mendieta Igorreko abade bizkaitar eta Aita Santuaren Misino Ekintzak (AME/OMP) erakundeko estatuko lehenengo zuzendariak asmatu eban. 

Manuel Heredia Misinoetarako Bilboko eleizbarrutiko ordezkariak DOMUND Egunerako idatzi dauan gutunean gogora ekarri dauanez, ehun urte honeetan “milaka misiolarik, beste hainbeste fededun eta fedebakok, eta ikaslek eta taldek lagunduta, egia bihurtu izan dau Jaunaren agindua: “Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei” (Mk 16, 15)”.

Jardunaldirako lagungarriak: Hemen.

Bideo honetan, Misinoetarako Bilboko Ordezkaritzak lagungarriak jaisteko eta erabiltzeko argibideak emon ditu:  https://youtu.be/P7rIo56VvPU



Jarduerak:

DOMUND Eguna dala-eta, hainbat jarduera proposatu da misinoaren ingurukoak ikastetxeetara eta parrokietara eroateko. Eleizaren misinoaren inguruko gogoeta, alkartzea eta konpromisoa sustatzeko helburua dabe.

  • Misino-lekukotasunak ikastetxeetan. Hainbat saio izango da ikasleakaz, irakasleakaz eta heziketa-alkarteagaz misino-esperientziak izan dabezanen bizipenak zuzenean ezagutu dagiezan. Dalako saio horreetan, gizarte eta kultur errealitate desbardinak ezagutzeko eta alkartasunaren eta misino-konpromisoaren garrantziaz jabetzeko aukera izango dabe. Ipar-Hegoaldea ikastaroan parte hartu eta misinoko lurraldeetan esperientzia bizi izan daben pertsonek emongo dabez lekukotasunak. 

  • Misiolarien esperientziak. Isabel Matilla eta Xabier Goikuria misiolariek be euren esperientzia barera jarriko dabe. Jarduten daben alkarteen errealitatea eta misino-bokazinoaren aberastasuna helarazoko deutsie ume, gaztetxo, gazte eta helduei.

  • Jarduerak parrokietan. Parrokia alkarteek ume eta gazteen taldeakaz batzar eta dinamikak antolatzeko aukera izango dabe, DOMUND Egunaren inguruko edukiak adin-taldeetara egokituz. Joko, lekukotasun, otoitz, dinamika eta solaserako guneen bidez, misinoaren aurrean sentiberatasuna eta ahuleziazko egoera larrian bizi diranen aldeko konpromisoa biztea da helburua. 

  • Lekukotasuna eleizbarrutiko irratietan. Urrian, eleizbarrutian misino-arloari lotutako pertsonek hitz egingo dabe irratietan.

  • Txarli Azcona misiolari kaputxinoaren bisita. Juan Morales ekuadortar kantautoreagaz batera, ikastetxe eta alkarteetan izango da Ines Arango eta Alejandro Labakaren ondarea zabalduz, urriaren 25 eta 26an.

Misinoari eskeinitako asteburua Torre Urizar Pastoral Barrutian

Torre Urizar Pastoral Barrutiak (PB) misinoei eskeinitako asteburua ospatuko dau hainbat jardueragaz, besteak beste: Iralako San Antonio abesbatzaren alkartasunezko kontzertua, alkartasunezko afaria, misino-lekukotasuna eta DOMUND ibilaldia urriaren 18an.

DOMUND Torre Urizar

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea, Misinoak

Honan etiketatuta: Domund