Datozan asteetan, Bilboko askotariko errealitateek euren testuinguruan aukeratu eta garatuko daben sinodo-ekintzaren inguruko gogoeta egiten dihardue.
Aukeraketa, «Sinodo-seneko jardunbideetan aurrera eginez» agiria aintzat hartuta egingo da. Agiri horretan, adostasun gehien izan daben zazpi jardunbideak jaso dira eta gitxienez bat aukeratzea proposatzen dau: ardurakidetasuna, emakumeen aitzindaritza, alkarte abegitsu eta barneratzaileak, ahuleziazko egoeeran dagozan pertsonak, heziketa, gazteria, gardentasuna.
Egindako ibilbidea
Ekintzen mapa orain dala urtebete inguru hasitako entzute-prozesuaren emaitza da. 2025eko abendu eta 2026ko otsailaren artean, bideratzaileen sareak 190 talde gidatu ebezan pastoral barrutietan, Sinodo-seneko Eleizari buruzko Sinodoko Azken Agiria lantzeko. 1.889 lagunek parte hartu eben eta euren ekarpenak otsail eta martxoa bitartean batera jarri ziran bikaritzetako hiru batzarretan eta hortxe aitatu ziran lehentasunak.
Material horregaz idatzi zan lehenengo agiria. Maiatz eta ekainean, Abade Kontseiluan eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluan aurkeztu zan kontsultarako. Sinodo-taldeak ekarpenak gehitu eta behin betiko idatzia osotu eban.

Kurtso honetan
Kurtsoari Durangon, «Alkartuta» goiburuaren haritik, ospatu zan Goazen 2026 ekitaldiagaz emon jakon hasiera. Bertan, On Joseba Segura gotzainak dei egin eban «solasaldia Espirituaregan» parrokietara, pastoral barrutietara, kontseiluetara, Caritasera eta katekesira zabaltzeko. «Si salimos igual que entramos, hubo reunión, pero no conversación en el Espíritu», ohartarazo eban. Egin gitxiren buruan, irailaren 29 eta 30ean, bideratzaileen sarea batzartu zan,kurtsorako proposamena eta garatzeko bidea ezagutzera emoteko.
Hurrengo urratsak
Ekintzak batu ondoren, alkarteek apirilera arte garatuko dabez euren proposamenak. 2027ko maiatzean, aurrerapenak jasoko dira eta kurtsoaren amaieran, sinodo-ebaluazinorako batzar nagusia ospatuko da 2027ko ekainaren 12an, egindako ibilbidea batera jartzeko eta ebaluatzeko.

Agirian jasotzen danez, helburua ez da ekintza bat burutu dan egiaztatzea bakarrik. Ekintza horrek “ze aldaketa dakarren, ze jarduketa barri sortzen dan” be ikusi gura da eta “zerk laguntzen deuskun sinodo-seneko eta misiolari dan Eleiza lez aurrera egiten”.
Itaun batek gidatzen dau prozesua: “Sinodo-seneko eta misiolari dan ze Eleiza eta sinodo-seneko ze bide zehatz sortzen ari da?”.







