Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bizkaia Vatikanoko artxibak arakatzen
04.11.2026

Bizkaia Vatikanoko artxibak arakatzen

Alejandro Dieguez Vatikanoko artxibo apostolikoko kideak emongo deutso hasiera datorren barikuz, azaroak 6, 10:00etan, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboaren (AHEB-BEHA) 50. urteurrena dala-eta antolatu dan Etorkizuna eraikitzen daben Artxiboak mintegiari.

1963an Buenos Airesen jaio zan Alejandro Mario Dieguezek laguntzaile-lanetan dihardu Vatikanoko artxiboetan, 1999an hasita. 

Euren funtsak eta historialari eta ikertzaileei eskeintzen deutsiezan aukerak aztertuko ditu. Izenburu hau dau bere berbaldiak: “Buceando en los archivos vaticanos. Documentos y posibilidades de investigación”.

Athletic, Pio XII.a eta San Mames

Dieguezek ondo ezagutzen dau artxibo horreen eta Bizkaiko historiaren arteko lotura. Beste batzukaz batera, Athletic taldea oinarritzat hartuta, kirolaren, politikaren eta erlejinoaren arteko loturei buruzko azterlana egin eban berrogeta hamarreko hamarkadaren erdialdera. Pio Xii.a aita santuak 1956an Athleticeko zuzendaritza-taldeko kideei, jokalariei eta senideei eskaini eutsen audientzia aztertu eban, aita santuak emon eban berbaldia eta ekitaldiak izan eban oihartzuna. Aita Santuaren berbak hemen. 1958an aita santu honi San Mamesen eskeini eutsen omenaldia be aztertu eban.

Athleticen bisita Vatikanora

Mintegiko beste partaide batzuk

Historia Erlijioso Garaikiderako Espainiako Alkarteagaz batera antolatutako mintegian, UNEDeko, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Ambereseko Unibertsitateko adituak batuko dira. Iturri barriez jardungo dabe, emakumeen historiaz eta artxiboek gaurko gizartean daben egitekoaz. Arratsaldez, bisita gidatua egingo da Artxibora eta ICARO zentrora. Izen-emotea doan da eta bertaratu gura dabeenek orri bat bete beharko dabe.

Gaur, ICAROren urteurrena

Gaur, azaroak 4, ICARO zentroaren 16. urteurrena ospatzen da. “Investigación, Conocimiento, Artxibo, Red, Organización” siglak batuta sortzen dan ICARO hitzak muga guztiei erronka egin eutsen pertsonaia mitologikoa be gogora dakar. Zabaldu zanetik, dei egiten deutse herritarrei iraganaren gainetik “hegan egin” dagiek norbere historia, familiarena eta bizkaitarrena atzemateko.

Anabella Barroso artxiboko zuzendaria ICARO zentroan bisita gidatzen

Erakusketa iraunkorrak eta bisita gidatuek jente asko erakartzen dabe. “Artxibotik ikasgelara eta alderantziz” heziketa-egitarauak agirien historia ezagutzera emoten deutse adin guztietako ikasleei. Gainera, bateo-agiriak, parrokietako erregistroak eta beste makina bat agiri historikok Bizkaiaren oroimena jagoten dabe.

Eleizbarrutiko artxiboa