22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bihar ospatuko da Juan Mari Iraolagoitiaren aldeko hileta-eleizkizuna, Elorrion
14.02.2023

Bihar ospatuko da Juan Mari Iraolagoitiaren aldeko hileta-eleizkizuna, Elorrion

Euskeraz egiten dan irratiaren arloan bide-erakusle izan zan Juan Mari Iraolagoitiaren hileta-eleizkizuna bihar ospatuko da, 19:00etan, Elorrioko basilikan. Urteera-meza datorren domekaz, martxoak 5, izango da Galdakaoko Andra Mari eleizan. Gaur, Bizkaia Irratiak omenaldia egin deutso Etxebarrian jaiotako esatariari. Kazetari eta Radio Popular-Herri Irratia eta Bizkaia Irratiko zuzendari dan Javi Onaindiak bere bizitza profesional eta pertsonalaren errepasoa egin dau hainbat lagunen ikuspegiaz baliatuz: Ander Manterola abadea, Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko zuzendaritza-batzordeko presidentea, Gaspar Martinez Ondare eta Kultur Ondasunen Eleizbarrutiko arduraduna, Pedro Mari Goikoetxea EITBko kazetaria eta Dorleta Alberdi komunikazinorako saileko Eleizbarrutiko arduraduna.

Bizkaia Irratsaio berezia eskaini dau lehenengo zuzendaria izan eban  Juan Mari Iraolagoitiaren omenez. Hogeta hamar urte inguru jardun eban irratian lanean, 1973an Radio Popular de Bilbao-Herri Irratiko euskerazko irratsaioak martxan jartearen ardura bere gain hartu ebanetik. 

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1625209449492189192?s=20&t=Z6roGcJDuH7D8i1IKi1aRQ

Sasoi haretan, Juan Mari euskerazko irakaslea zan eta Julian Olazabalaga abadeak proposatu eutsan Loiolara joan eta esatari lez prestatzea. Han kazetari entzutetsuak ezagutu ebazan, esate baterako, Iriondo, Karmelo Otaegi, Otermin, e.a.

Bilbora itzuli eta Radio Popular de Bilbao dalakoan ekin eutsan bere ibilbideari. Hasieran, bakarrik. Beranduago beste lagun bat kontratatu eban, bizitzan azkeneraino kide izan dauan eta bere gaixoaldi luzean berataz arduratu dan Inma Gallastegi.

Lehenengo irratsaioak euskeraz

1973an hasi ziran Herri Irratian euskeraz emititzen. Egundoko lana -gaur egun pentsaezina- egin eben irratsaioak euskeraz egiteko. Gabezia teknikoak itzelak ziran eta, gainera, indarrean egoan zentsurari aurre egin behar izan eutsen. Inbormazino-iturriak, gehien bat egunkariak, espainieraz inprimatzen ziran. Juan Marik berak alkarrizketa baten esan ebanez, “interesgarriena euskerara itzultzen genduan eta, ondoren, gaztelaniaz aurkeztu behar izaten genduan Informazino eta Turismorako Ministerioan, bidezko baimenaren ostean, emititu ahal izateko”. Horreexek izan ziran, gaur egunera arte iraun dauan abenturaren hastapenak eta hori, Bizkaia Irratiak egin deutsan omenaldian esan danez, “bera lako pertsona langile, jator, apal eta nekaezinei esker izan da”.

https://twitter.com/BizkaiaIrratia/status/1625131844868997124?s=20&t=Z6roGcJDuH7D8i1IKi1aRQ

Lekukotasunak

Ander Manterola abadeak orain dala 60 urte ezagutu eban Juan Mari eta, bere esanetan, gizon “langile eta apala” izan zan. Anderren ustez, kulturak, orokorrean, eta bizkaieraz egiten dan irratiak, beren-beregi, asko zor deutso.

Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko zuzendaritza-batzordeko presidente eta Euskaltzaindiako kidea euskerazko lehenengo irratsaioak egin ebezan esatarietako bat izan zan. Juan Mari Iraolagoitia, Inma Gallastegi, Adolfo Arejita eta Angel Mari Unzueta abadegaia, bikario nagusi izan zana, aritu ziran horretan. Arejitaren esanetan, “Eleizbarrutiak konfiantza osoa eban Juan Marirengan eta bera izan genduan taldeburu Herri Irratian euskerazko saioak aurrera eroateko”. 

Pedro Mari Goikoetxea EITBko kazetari entzutetsua be fitxatu eban Juan Marik eta alkarregaz lan egin eben denporaldi batez. “Gizon langilea zan eta beti egoan entzuteko eta laguntzeko prest”, adierazo dau.

Gaspar Martinez Eleizbarrutik idazkari nagusi izan zan abadea, Irratien Bgatzordeko kide be izan zan. Bizkaia Irratia martxan jarri ebala gogoratzen dau berak eta hori bultzada handia izan zala euskerarentzat eta batez be bizkaierarentzat. Bere esanetan, “zutabea izan zan, gizon ona eta langile nekaezina; bihotzez eskertzen dogu bere lana”. 

Eguzki lagun minak, “hutsune handia itzi” deutsala autortu dau. Baina hustasunean, bere ahotsa, bere hitza eta bere pentsamentua itzi dituala, “bizitza ulertzeko era”. Bere ustez, ahotsa funtsezkoa da komunikazinoaren eremuan, “iruditik harago”. Bere esanetan, garrantzitsua da irudi esanguratsuak burura dakarskuezan hitzak sortea, Juan Marik egiten eban lez. 

Dorleta Alberdi komunikazinorako BIlboko Eleizbarrutiko arduradunak -Juan Marik beroni emon eutsan lekukoa 1992an- dinoanez, “Juan Mari gertukoa zan, gizon maitagarria, maitasuna zabaltzen eban-eta”.

Sasoi batean Juan Mari zanak

emon euskun ikasgaia

euskara dala gorengo mailan

euki behar dan dohaia.

Harrezkero gu gabilz zabaltzen

Ekinez gure mintzaira

Bera zalako gure eredu

Eta berbeten galbaia.

Orain zerutik guri begira

Jarriko dau oskarbia

Eskerrik asko zure bizitzan

Zabaltzearren zubiak.

Juan Mari Iraolagoitia