21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Edozein gehiegikeria, arin itxurakoa bada be, jasanezin eta onartezina da”
22.02.2023

“Edozein gehiegikeria, arin itxurakoa bada be, jasanezin eta onartezina da”

Gaur, Hausterre-eguna, “bihotz-barritzeko eta damutzeko” eguna da. Aparteko egua Bizkaiko alkarte katolikoarentzat. Hain zuzen be, Garizuma-aldiaren hasieran, Adin Txikikoen Babeserako eta Sexu Gehiegikerien Prebentzinorako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordea jentaurrean agertu da 2022ko jardueraren inguruko Oroitza-txostenaren datuak eskaintzeko.

Carlos Olabarri Batzordeko zuzendariak eta Gemma Escapa abokatu eta Batzordeko kideak euren gain hartu dabe 2019an martxan jarri zan zerbitzurako taldeko sei kideen izenean bozeroale-kargua.

Hiru abokatuk, hezitzaile batek, psikologo batek eta ertzain ohi batek osatzen dabe batzorde hori. Euren ardura erne egon eta jagotea da, Bilboko Eleizbarrutiko eleiz erakunde eta eremu guztiak leku seguru, sexu gehiegikeria bako leku izan daitezan.

Euren eskumenak dira, besteak beste, balizko salaketan jasotea, bidezkoa bada, salaketok fiskaltzara bideratzea; jaramon egitea eta laguntasun psikologikoa proposatzea, biktimek eskatu ezkero eta, salatutako edo txostenetan errudun jotako pertsonei be akonpainamendua proposatzea, errugabetasun-presuntzinoa betez.

Olabarrik agerraldiaren hasieran, “gure Eleizan be gertatu dira sexu gehiegikeriak” autortzeaz batera, “edozein biktima-kopuru larregi da eta edozein gehiegikeria, arin itxurakoa bada be, jasanezin eta onartezina da” nabarmendu dau.

Ezer ezkutatzeko, asko babesteko

Hauxe da Batzordeak kasuei heltzean darabilen goiburu eta erizpidea, guztietan be “biktimaren nahia” nagusitzen dalarik.

Carlosen esanetan, euren eskariak, bidezkoak dira. “Pribatutasuna eskatzen dau hainbatek, badira hedabideen aurrean agertu eta ausartzen ez diranak animatu dabezanak be, edo erasotzaileen izena eta abizenak ezagutu gura dabezanak, autorpena eskatzen dabe eta erantzukizunak hartzeko eskatzen deutse Eleizari, eta badira, baita be, apurtuta dagozanak, gugaz berba egiterik be gura izan ez dabenak”. Asko dira interesak, bai, baina umetan sexu gehiegikeriak jasan dabezan biktima guztiak bat datoz honetan: “bururatu dakikegun bidegabekeriarik mespretxagarri eta jasanezinenetakoa jasan dabela, botere eta kontzientzia abusuak are eta larriago bihurtuta, gainera”.

Abade eta Batzordeko zuzendariak kontaketan aurrera egin ahala autortu dauanez, egiten diharduen ibilbidean, etenbarik ikasten ari dira, “lagun eta kasu bakotxa, bakarra eta berezia da-eta”. 

Bizkaiko Eleizan adin txikikoakaz hartu-emona dabenei heziketa emoten ari direla esan dau eta hori “prebentzinorako bide egokia” dala.

“Edozein biktima-kopuru larregi da eta edozein gehiegikeria, arin itxurakoa bada be, jasanezin eta onartezina da”

Carlos Olabarri adin txikikoen aurkako gehiegikerien prebentzinorako batzordeko zuzendaria.

“Kasu asko, bakarra be larregi da-eta”

Carlos Olabarrik esaldi biribil honekin emon deutso hitza Gemma Escapari eta honek Oroitza-txostenean jasotako datuen barri emon dau. Hainbat biktima zuzen edo lekukoak Batzordearekin hartu-emonean jarri diralako zabaldu diran kasuak dira. Beste hainbat biktima be jarri da hartu-emonean taldeagaz komunikabideek barriak hedatu ondoren.

Escapak azaldu dauanez, biktimek gehien eskatzen dabena gertaera gaitzesgarri horreengaitik “parkamena eskatzea eta gertaerak ez errepikatzea” da.

Batzordeak 32 txosten zabaldu ditu bere ibilbide osoan. 18 kasu, ordena erlijiosoei lotuta dagoz eta 14, Eleizbarrutiko abadeei. 14 kasu dagoz zabalik eta 16 itxi egin dira. 3 kasu salatu dira fiskaltzan, horreetako 2 eroan egin dira preskribatuta egon arren. Lagungo familia biderapenerako Eleizbarrutiko zentroak 8 kasutan esku-hartu dau.

Aurtengo otsailera arte, 127 laguni emon jako heziketa bikaritzetan eta adin txikikoen babeserako gida 300 lagun ingururi aurkeztu jakon Bizkaiko askotariko eleiz eremuetan.

Batzordeak komunikabideetan agertu ziran kasu biren inguruko txosten independenteak egitea aholkatu eban: Erruki-etxekoa eta Derioko Seminariokoa. Hainbat biktimak jentaurrean adierazo dau erakunde bietan sexu gehiegikeriak jasan ebezala.

Erruki-etxeari buruzko txostena

Jone Valduezak egin dau Gema Varonak zuzendutako txostena. EHU-UPVko kide dira honeek “Eleiz testuinguruan umeen kontrako sexu gehiegikerien biktimek jasandako biktimizazinoa ezagutu: 

Bilboko Erruki-etxeko kasua” azterlana egin dabe, hain zuzen be, 1961 eta 1978 urte bitarteko aldiari dagokiona eta bertan jasoten danez, “kasu askotan, biktimek ez dabe gertatutakoaz ezer esaten, gertatutako hori ukatu be egiten dabelarik”.

Biktima guztiak, gizonezkoak dira eta gehiegikeria horreek gertatu ziranean, 10-13 urte inguru izango ebezan.

Txostenaren ondorioetan, besteak beste, zera jasoten da: biktimek “autormena jaso gura dabela, aintzat hartu daiezala, biktima lez hartu eta gertatutakoagaitik begirunez hartu daiezala”. 

Era berean, esker ona adierazoten dabe “euren beharrizanen araberako arreta jasoteko aukera izateagaitik” eta ez dabe “beste biktimizazino bat jasan gura”.

Derioko Seminarioari buruzko txostena

Kasu honetan, Deustuko Unibertsitateari eskatu jakon 1953 eta 1970 bitartean, Seminarioa Derion egoanean, eremu horretan gertatu eitekezan sexu gehiegikeria kasuei buruzko txostena egitea.

Unibertsitate Alkarteko Errektoreordearen eta bost ikerlariz osatutako jakintza-alorrarteko lantaldea eratu eban Agenda 2030 dalakoaren esku itzi zan txostena egiteko ardura.

Jasotako informazinoan, ikertutako urteetan Bilboko Eleizbarrutiko Seminario Txikian abade hezitzaileek egindago sexu gehiegikeria kasuak antzeman dira.

Ondorio honeetara iristea ahalbideratu daben lekukotasunak, sinisgarriak dira eta gehiegikeriak egin ebezanen arteko hiru abade hilda dagoz.

50 eta 60ko hamarkadak

Salatutako lehenengo pertsona urte bi inguru (1953-1956) egon zan Derion eta ikaslerik gazteenen (11-12 urte) zuzendari espirituala izan da.

Dagoeneko zabalduta dagozan eta alkarrizketatutako hainbat lagunez berretsi dabezan informazinoak bat datoz, abadegaiekin buruz buru izaten ziran batzarretan, akonpainamendu horreen testuinguruan, era esplizituan sexualak ziran ikutzeak egitea ohikoa zala esatean.

Bere espediente pertsonalean ez dago idatziz jasota hori izan zanik Ekuadorrera misinoetara –non hirurogeta hamarreko hamarkadaren azkenera arte egon zan- lekualdatzeko arrazoia. Txostenaren ondorioetan aitatzen danez, “arrazoizkoa da Seminarioko eta Eleizbarrutiko arduradunez egindako gehiegikeriaren barri izan ebela onartzea eta horixe izan zala 1956an gehiegikeria egin eban abadea Seminario Txikitik urtetearen arrazoia. Ez dago jasota idatziz ez prozedura zigortzailerik zabaldu zanik ezta bere aurka inongo diziplina-neurririk hartu zanik”.

Lantaldeak Seminario Txikian hirurogeiko hamarkadan irakasle ziran abade biri buruzko salaketa sinisgarriak jaso ditu. Lehenengoari dagokionez, sexu gehiegikeriak egin izanaren lekukotasun bakarra jaso da. Baina, lekukotasun hau guztiz sinisgarritzat joten da.

Sasoi honetako bigarren egileari buruz, Seminario Txikiko ikasle baten lekukotasun zuzena jaso da. Honen esanetan, hamabi urte ebazanean, gehiegikeriak jasan ebazan pertsona horren aldetik.

Txostenean ondorioztatzen danez, “ez dago Seminarioko edo Eleizbarrutiko arduradunek hirurogeiko hamarkadan egile biek egindako gehiegikeria sinisgarrien barri ebela berresteko probarik”.

Alkarrizketatutako biktimek, “Eleiza katolikoak, Bilboko Eleizbarrutian, gertatutako gehiegikerien benetakotasuna autortu daiala” eta “igarotako urte-kopurua alde batera itzita, gehiegikeria horreengaitik parkamena eskatu daiala” eskatzen dabe.

“Eleizbarrutiak neurri eraginkorrak hartu daizala” be eskatzen dabe, “ahal dan bide guztiak jarri eta sustatuz, euren erakunde, zentro eta jardueretan, barriro gehiegikeriazko egoeratik gertatu ez daiten”

Otoitzaldia Bilboko katedralean

Agerraldian iragarri dabenez, datorren martxoaren 24an, 18:00etan, otoitzaldia ospatuko da Bilboko katedralean, gotzaina buru dala. 

Bertan, Bizkaiko Eleizak parkamena eskatuko deutse Jainkoaren aurrean Eleizan sexu gehiegikeriak jasan dabezan biktimei.