21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Santiago Apostoluaren kofradiaren prozesinoa bere 75. urteurrenean
08.04.2023

Santiago Apostoluaren kofradiaren prozesinoa bere 75. urteurrenean

Itxaropenaren prozesinoa, 2023an 75. urteurrena ospatzen dauan Santiago Apostoluaren Penitentzia kofradiak antolatzen dauana, gaur arratsaldez atarako da Mendiko San Jose parrokiatik (AA. Agustindarrak), 18:00etan.

1947.eko abenduaren 30ean, La Salleko Anaien Santiago Apostolua ikastetxea zanean, ikasle ohi batzuek kofradia sortu eben Bilbao eta ikastetxearen zaindariaren izenagaz. 1948ko Eguen Santuan atara ziran prozesinoan lehenengo aldiz.

Urteurreneko urte honetan, gaurko errealidadean oinarritutako etorkizuneko ikuspuntua dau, 800 kofradiakideen topagune lez.

Bere jarduera ez da Aste Santura murrizten, Mendiko San Jose parrokiako alkartean txertatuta dago-eta. Horregaitik, partaidetza eraginkorra dau parrokian eta Eleizbarrutian sortutako hainbat talde eta ekimenetan. Azken hamarkadetan, gainera, hainbat erakunderen aldeko konpromisoa dau eta besteak beste, diruz laguntzen ditu.

Zehaztasunak

Ibilbidea: San Jose parrokia, Colon de Larreátegui, Errekalde zuhaiztia, Moyua plaza, Kale Nagusia, Marques del Puerto, Colon de Larreátegui, Mazarredo zuhaiztia, Kale Nagusia, Moyua plaza, Elkano, San Jose parrokia.

Pausoak:

  • Itxaropenaren Maria Guztiz Santua (1992), Luís Alvarez Duarterena.

  • Maitasunaren Jesus Gure Aita (1994), Francisco Zamudiorena

Itxaropenaren Maria Guztiz Santua, 1992, XX. gizaldiaren bigarren erdiko irudigilerik onena dala dinoen Luis Alvarez Duarte sevillar irudigilearen irudi ederra. Aintzazko zapatuz, Pazko-egunaren bezperan, ataraten da prozesinoan. Hortik dator brre izena, Itxaropena, eta jantzita daroan mantu berdea, kristau egutegiaren egunik garrantzitsuena iragarriz. 

Ama Birjina 48 kofradiakidek eroango dabe lepoan, eta ez gurpilen gainean, eta horrek are eta ederrago bihutzen dau prozesinoa. 

Itxaropenaren Ama Birjinagaz batera, Maitasunaren Jesus Gure Aita ataraten da, Jesus berbiztuaren irudi nasaia. Eskuak zabalik ditu eta, herriaren aurrean bigarren agerpena eginez, bere zauriak erakusten ditu. 

Prozesino honetako irudi guztiak bihar ospatuko dan Jesuen Berbizkundeari begira dagoz. 

Kofradiak 75. urteurrena ospatzen dauan honetan, prozesinoa 18:00etan atarako da, ohikoa baino ordu laurden lehenago.

Pazko Gaubeila, gotzaina buru dala

Gaur, 21:30etan, Pazko Gaubeila ospatuko da katedralean, Bilboko gotzaina buru dala. Eleizkizuna zuzenean emongo da web orrialde honen bidez.

.