22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Maitasunaren Egunez, esker ona eta agurra
09.06.2023

Maitasunaren Egunez, esker ona eta agurra

Atzo, hirukoiztarrek Algortan daben egoitzan, ekitaldi hunkigarria ospatu zan. Maitasunaren Eguna, aukera ederra izaten da euren denpora eta gaitasunak besteen alde eskaintzen dabezan ehunka lagunak -2.000 Bizkaiko Caritasen- alkartzeko eta guztiei esker ona eta autorpena eskaintzeko. Ehunka lagun batu zan Eukaristia berezia ospatzeko. Hasietan, Gontzal Mendibil musikagile eta abeslariak ondo etorria egin eutsen guztiei abesti bategaz, ondoren, Chusa Gonzalez lurraldeko kontseilariak esan ebazan berba batzuk eta Felix Larrondo lurraldeko bikarioak eskerrak emon ebazan VI. bikaritzan erakundeak egiten dauan lana agertzera emoteagaitik. Bikario nagusiak, lurraldeko bikarioak eta hainbat fraile hirukoiztarrek, diakono baten laguntzagaz, alkar-meza emon eben On Joseba Segura gotzainagaz alkar-meza emon eben. Erakundeko zuzendari lez 11 urte emon dituan Carlos Bargosek guztien autorpena jaso eban hunkituta.

Gorpuzti Eguna, Maitasunaren eguna, egun berezia da Bizkaiko Caritaseko boluntarioentzat. Eta atzokoa, are eta bereziagoa izan zala esan daiteke, hamaika urtez erakundeko zuzendari izan dan Carlos Bargosek agur esan eutsalako “familia” honi eta besteari, “atzealdekoari”, urte honeetan “euskarri” izan dauanari. Aloña Zameza V. bikaritzako boluntario eta kontseilariaren eskutik opari bat jaso ondoren, bihotzez zuzendu jaken hirukoiztarrek Algortan daben eleizan batu ziranei. “Eta guzti hau, Jainkoari esker”, esan eban lehenengo eta behin Bargosek. Irailetik aurrera, Eleizbarrutiko Idazkaritza Nagusiaz eta Laikotzarako Idazkaritzaz arduratuko da. 

Alkartea eta Eukaristia, homilian

On Joseba Segura gotzainak homiian adierazo ebanez, ezinbestekoa da alkartea eratu eta “lokarriak estutzea”. Eukaristiak fededunen bizitzarako dauan garrantzia be azpimarratu eban gotzainak, izan be, bere esanetan, “Eukaristia barik, ez dago Eleizarik”.

Gontzal Mendibil Arratiako musikagile eta abeslariak girotu eban bere musikaz ekitaldia, Caritaseko emakume boluntario asko eta asko batu ebana. Gotzainak berak, emakumearen presentzia horren garrantzia nabarmenduz, datorren urtetik aurrera, erakundea zuzenduko dauana “emakumea izango” dala iragarri eban. Elena Unzuetak hartuko dau Carlos Bargosen lekua Caritaseko zuzendaritzan.

La iglesia de los trinitarios congregó a cientos de personas voluntarias