Elizbarrutiaren Eguna 2025
Azaroaren 9an, Eleizbarrutiaren Eguna ospatuko dogu; jai egiteko eta eskerrak emoteko eguna da, danok batera parrokia bizia, Jesukristoren zale amorratua dan eta besteei eskaintzen jaken parrokia bizia ahalbideratzen dogulako. Eta hori posible da, agerkari honek erakusten dauanez, Jainkoaren herri osoaren denporari, gaitasunei, otoitzari eta diru-laguntzari esker.
On Joseba Segura, Bilboko Gotzainaren gutuna
Adiskideok, Jesukristo gure Jaunarengan anai eta arreba zarienok: 2025eko azaro honetan, Eleizbarrutiaren Eguna ospatzen dogunean, pozez eta esker onez beteta doguz bihotzak Bilboko eleizbarrutiaren 75 urteak betetzean. Hainbat belaunaldik, fedea jasoz, fedean haziz eta fedea zabalduz, egin dauan ibilbide luzea.
Grazia eta itxaropenaren Jubileua
2025ean, Erroman deitutako Jubileua nabarmentzen da eta aurtengo ospakizuna, berezia da, graziazko eta itxaropenezko unea.
Hasieratik, Bizkaiko gizartean Barri Onaren zabaltzaile izatea izan da gure nahia eta helburua. Gure eleizetan ume eta gazteen otoitzak durundi egin dau, milaka bikote eta bokazino erlijiosoren «baietzak» entzun izan dira eta abade eta diakono askori eskuak ezarri jakez. Makina bat pertsonari lagun egin deutsagu une esanguratsuetan: jaiotzak, lehenengo jaunartzeak, sendotzak, ezkontzak, agurrak.
Urte Santu honetan, ospakizunak aparteko esangurea hartzen dau
Gure eleizbarrutiak, gainera, giza sustapenerako egundoko lana be burutu dau: heziketaren arloan, hainbat belaunaldi kristau eta giza balioetan heziz; osasunean, gaixo eta sendiei pastoral akonpainamendua emonez; giza sustapenean, Caritasen eta beste hainbat erakunde katolikoren bidez norbanako eta gizatalderik ahulenei arreta eskainiz, eta oraintsuago urrinetik guregana heltzen diran anai-arrebei abegi eginez.
Etorkizunari konfiantzaz begiratuz
Ospakizun honek ezin dau iraganaren oroimin izan. Jubileu urte honetan, geure egin daiguzan berbok: «Itxaropenak ez dau huts egiten». 75 urteok bultzada izan daitezala Barri Ona heltzen ez dan lekuetara eroaten, hartu-emon eta senidetasunerako zubiak eraikitzen jarraitu daigun.
Antzematen dira Eleiza barrituaren frutuak: senidetasun handiagoko alkarteak, Kristorengan euren bizitzen sen sakona aurkitzen daben gazteak, Ebanjelioan maitasun eta errukizko etxeak eratzeko indarra aurkitzen daben familiak. Ona eta iraultza teknologikoaren arriskuak bereizteko gauza dan Eleiza, sormen eta ausardiaz ahulenen bidelagun dana, gizakiaren eta bere duintasunaren kristau ikuspuntua ausardiaz defendatzeko prest dagoana.
75 urteotan gidari izan dogun Espiritu Santuak bere arnasa emoten deusku orain be
75 urteotan gidari izan dogun Espiritu Santuak bere arnasa emoten deusku oparo orain be. Ebanjelizatzearen geroaldi barria dogu aurrez aurre, kultura garaikideagazko hartu-emon eta kontrasterako.
Begoñako Amatxuk gure alde erregutu daiala, graziazko 75 urteotan zuztartu eta indarra hartuta, fede handiz eta Kristok mundua garaitu dauala (Jn 16, 33) dakienen konfiantzaz aurrera egin daigun.
Nire bedeinkazinoa eta esker ona.
+ Joseba Segura
Bilboko Gotzaina
Domingo, 9 de noviembre de 2025
“Gure eleizbarrutia” aldizkaria
Datos económicos 2024
Kartela jaitsi
Eleizaren Bizkaian



