14-10-2024 Lunes, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 01-09-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXII
Evangelio y Lecturas de 01-09-2024

IRAKURGAIA 1

Ez gehitu ezer Nik agintzen deutsuedanari. Gorde Jaunaren aginduak.

Deuteronomio liburutik
Dt 4, 1-2. 6-8

Hau esan eutsan Moisesek herriari: «Orain, Israel, entzun irakasten deutsuedazan lege eta erabagiak, eta bete. Holan, biziko zaree eta Jaunak, zeuen asaben Jainkoak, emongo deutsuen lurraldean sartuko zaree eta haren jabe egingo. Ez gehitu, ez kendu, nik agintzen deutsuedanetik ezer; bete, ostera, nik emoten deutsuedazan Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak.
Gorde egizuez eta bete, horrek jakintsu eta buruargi egingo zaitue-eta herrien aurrean. Lege honeen barri izatean, esango dabe: "Bai herri jakintsu eta buruargia nazino handi hau!"
Izan ere, ba ete da nazino handirik, bere jainkoak hain hur dituanik, guk Jauna, gure Jainkoa, hur dogun lez, dei egiten deutsagun bakotxean? Ba ete da nazino handirik, gaur nik adierazoten deutsuedan irakaspen hau baizen lege eta erabagi zuzenak dituanik?

IRAKURGAIA 2

Egizue berbeak dinoana.

Santiago Apostoluaren gutunetik
St 1, 17-18. 21b-22. 27

Ene senide maiteok: Emoitza on eta dohai bikain guztiak goitik datorz, Aitagandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez dauan argien Egileagandik. Berak holan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz, bere sorkari guztietan lehenengoak izan gaitezan.
Onartu egizue otzan-otzan zuekan erein dan eta zuek salbatzeko indartsua dan mezua. Bete egizue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen buruak engainatuz.
Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akatsik bako erlijinoa hauxe da: umezurtzei eta alargunei euren preminetan laguntzea, eta munduko gaiztakeriagaz nork bere burua ez kutsatzea.

SALMOA

Sal 14, 2-3. 4-5ab

R/. Jauna, nor dagoke zure txabolan?

Akats barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor belzten ez dauana;
hurkoari kalterik egiten ez deutsana,
ezta auzokoa iraintzen ere. R/.

Jaunak baztertua gutxietsi
eta jainkozaleak ohoratzen dituana;
bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dana;
dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana *
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen ere. R/.

EBANJELIOA

Jainkoaren aginduak bazterrean itzi, eta gizakien ohiturak gordeten dozuez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 7, 1-8. 14-15. 21-23


Aldi haretan, fariseuak eta Jerusalemetik etorritako lege-maisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku kutsatuekin jaten ebela —hau da, eskuen garbikuntza egin barik— ikusi eben. Izan ere, fariseuek, eta judu guztiek, ez dabe jaten lehenengo eskuak arretaz garbitu barik, zaharren ohitureari tinko eutsiz. Azokatik etxeratzean ere, ez dabe jaten garbikuntza egin barik; eta badabez beste ohiturazko hamaika betebehar: esate baterako, edalontzi, pitxer eta suilen garbiketea.
Holan bada, fariseuek eta lege-maisuek itaundu eutsoen Jesusi: «Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohitureari jagokonez jokatzen? Zelan jaten dabe esku kutsatuekin?»
Jesusek erantzun eutsen: «Itxurazaleok halakook! Ederto asko esan eban zuetaz Isaias profeteak, honako hau idatzi ebanean:
"Herri honek ezpanez ohoratzen nau,
baina Nigandik urrun dau bihotza;
alperrik nabe gurtzen,
honeen irakaspena giza agindu hutsa”.
Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera itzi eta giza ohitureari eusten deutsazue».
Jesusek jenteari barriro dei egin eta esan eutsan: «Entzun guztiok eta ulertu ondo. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsatu daikeanik; barrutik urteten deutsanak, horrek kutsatzen dau gizakia».
Eta gaineratu eban: «Barrutik urteten dauanak, horrek bai egiten dauala gizakia zikin. Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriek, maltzurkeriak, nasaikeriak, bekaizkeriak, irainek, harrokeriak, buru bakokeriak. Gaiztakeria guzti honeek barrutik urteten dabe, eta honeek kutsatzen dabe gizakia».