05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 02-06-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, IX
Evangelio y Lecturas de 02-06-2024

IRAKURGAIA 1

Odol hau Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria da.

Urteera liburutik
Ur 24, 3-8

Egun hareetan, Moisesek Jaunaren berba eta erabagi guztiak jakinarazo eutsozan herriari, eta herri osoak, aho batez, erantzun eutsan: «Jaunak esandako guztia egingo dogu».
Jaunak esandako guztia idatzi eutsen Moisesek. Biharamunean, goizean goiz jagirik, altarea eraiki eban mendiaren oinean, eta hamabi zutarri ipini ebazan Israelgo hamabi leinuen izenean. Ondoren, zekorrak hil eta Jaunari erre-opari eta alkartasun-oparitzat eskeintzeko agindu eutsen israeldar gazte batzuei. Odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini eban Moisesek, eta beste erdia altara gainean isuri.
Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri eutsan. Herriak erantzun eban: «Obedituko dogu eta beteko Jaunak esandako guztia». Odola hartu eta herriaren gain txipriztindu eban Moisesek, esanez: «Odol hau da xedapen honeen guztien arabera Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria».

IRAKURGAIA 2

Zenbatez gehiago Kristoren odolak ez dau garbituko gure barrua!

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 9, 11-15

Senideok: Kristo datozan ondasunen abade nagusi lez agertu da. Bera sartu dan santutegia lehengoa baino handiagoa eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez akerren eta zezenen odola eskeiniz, berea baino, holan betiko askatasuna lortu deuskula.
Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik dagozanen gain txipriztinduz, pertsona horreek sagaratzeko indarra baldin badabe, azaleko garbitasuna emonez, zenbatez gehiago Kristoren odolak, betiko Espirituaren bidez bere burua Jainkoari opari garbi eskeini eutsan harenak, ez dau garbituko gure barrua heriotzara daroen egintzetatik, guk Jainko biziari kultua emoteko!
Horregaitik, Kristo itun barri baten bitarteko da, heriotzea dala medio, lehengo itunaren sasoian egindako hutsegiteak parkatzeko; holan, agindutako betiko ondarea jaso daikee Jainkoak deitutakoek.

SALMOA

Sal 115, 12-13. 15-16. 17-18

R/. Salbamen-edontzia dot jasoko eta Jaunaren izenari dei egingo.

Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbamen-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotzea.
Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
zure zerbitzari ezereza:
askatu dozuz nire kateak. R/.

Gorespen-oparia deutsut eskainiko,
eta Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko ddeutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean. R/.

EBANJELIOA

Hau nire gorputza da. Hau nire odola da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 14, 12-16. 22-26

Legamin bako Ogien jaiko lehen eguna zan, pazko-bildotsa hilten zaneko eguna. Ikasleek itaundu eutsoen Jesusi: «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?»
Harek ikasleetako bi bialdu ebazan, esanez: «Zoaze urira, eta ur-suila daroan gizon bategaz egingo dozue topo; jarraitu egiozue, eta sartuko dan etxeko nagusiari esan: "Maisuak itauntzen dau non dauan ikasleekin pazko-bildotsa jateko tokia". Harek gela handi bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik eta atonduta. Prestatu hantxe behar doguzanak». Joan ziran ikasleak eta, urira heldu ziranean, Jesusek esan eutsen lez aurkitu eben dana, eta pazko-afaria prestatu eben.
Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez: «Hartu egizue: hau nire gorputza da». Gero, kaliza hartu eta esker oneko otoitza esanez, emon eutsen, eta guztiek edan eben bertatik. Eta esan eutsen: «Hau nire odola da, itunaren odola, guztien alde isuria. Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo barria edango dodan egunera arte».
Gorazarreak abestu ondoren, Oliamendira urten eben.