25-04-2024 Marcos evangelista
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 04-12-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Adviento, I
Evangelio y Lecturas de 04-12-2022

IRAKURGAIA 1

Zuzen erabagiko dau apalaren auzia.

Isaias Profetearen liburutik
Is 11, 1-10

Egun haretan, kimu bat sortuko da Jeseren zuhaitz-hondotik,
muskil bat erneko haren zuztarretik.
Haren gainean Jaunaren espiritua kokatuko da:
jakituria eta adimen-espiritua,
kontseilu- eta sendotasun-espiritua,
ezaguera- eta Jaunaganako begirune-espiritua.
Jaunaganako begirunea izango dau pozbide.
Ez dau auzia itxuraz bakarrik erabagiko,
ezta epaituko ere entzuten dauanaz.
Zuzen erabagiko dau behartsuaren auzia
eta zuzenbidez epaituko herriko apalak.
Bere ahoko zigorraz joko ditu gogorrak,
bere ezpanetako arnasaz hilgo gaizkileak.
Zuzentasunak eta leialtasunak inguratuko dabe,
gerrikoak gerria lez.
Otsoa bildotsagaz biziko da,
lehoinabarra bildotsagaz etzungo,
txekorra eta lehoikumea alkarregaz larratuko dira,
eta umetxo bat izango dabe artzain.
Behia eta hartza batean larratuko dira,
hareen umeak alkarregaz etzungo;
lehoiak lastoa jango dau, idiak lez.
Bularreko umeak suge-zulo gainean jolastuko dau,
eta bularra itzi barriak
suge gorriaren zuloan sartuko dau bere eskua.
Nire mendi santu osoan
ez dau inork kalterik, ez hondamenik egingo,
Jaunaren ezagueraz beteko da-eta lurraldea,
itsasoa urez beterik dagoan lez.
Egun haretan, Jeseren zuztarreko muskila
herrien ikurrintzat jasoko dabe;
herriak haren bila etorriko dira,
eta ospetsua izango da haren egoitza.

IRAKURGAIA 2

Kristok gizon-emakume guztiak salbatzen ditu.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 15, 4-9

Senideok: Liburu Santuetan idatzita dagoan guztia gure ikasbiderako idatzi eben, geure eroapenaz eta Liburu Santuek emoten deuskuen adoreaz itxaropena izan dagigun. Eroapenaren eta adorearen iturri dan Jainkoak emon deizuela alkarregaz iritzi bereko izatea, kristauei jagoken lez, bihotz batez eta aho batez goratu dagizuen Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Holan, bada, egiozue alkarri harrera ona, Kristok zuei harrera ona egin deutsuen lez, Jainkoaren aintzarako. Hau dinotsuet: Jesu Kristo juduen zerbitzari egin zan, asabei egindako agintzariak beteten dituan Jainkoaren leialtasuna egiaztatzeko, eta harrera ona egin eutsen jentilei, Jainkoari, beraren errukiagaitik aintza emon deioen. Honan dino-eta Liburu Santuak:
*Ospatuko zaitut nazinoen artean, Jauna,
goratuko dot zure izena+.

SALMOA

Sal 71, 1-2. 7-8. 12-13. 17

R/. Zuzentasuna garatuko da haren egunetan, eta bakea ugari betierean.

Emoiozu, Jainko, zeure auzia erregeari,
zeure zuzentasuna errege-semeari.
Zaindu begi zure herria zuzentasunez,
eta zure gizajoak zuzenbidez. R/.

Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,
bakea ugari iretargia amatau artean.
Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino,
Ibaitik lehor-mugaraino. R/.

Onik atarako dau-eta oihuka diharduan jente xehea
eta laguntzailerik ez dauan dohakabea.
Apalarentzat eta behartsuarentzat izango dau errukia,
salbatuko dau behartsuen bizia. R/.

Betiko izan bedi haren izena,
eguzki-argia adina haren izenaren iraupena.
Lurreko leinu guztiak
haregan izango dira bedeinkatuak,
herri guztiek dohatsu autortuko dabe ha. R/.

EBANJELIOA

Bihozbarritu zaiteze,hurrean da-eta zeruetako erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 3, 1-12

Egun hareetan, Joan Bateatzailea Judeako basamortuan agertu zan, iragarriz: *Bihozbarritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua+. Joan honi buruz esan eban Isaias profeteak:
*Berba batek oihuka dihardu basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidezidorrak Hari+.
Joanek gamelu-narruzkoa eban jantzia, eta gerrian narruzko uhala; matxinsaltoak eta basaeztia ebazan janari.
Jerusalemetik, Judea osotik eta Jordan aldetik haregana joaten zan jentea, eta, euren pekatuak autorturik, Joanek bateatu egiten ebazan Jordan ibaian. Fariseu eta saduzear asko bateoa hartzera etorkola ikusirik, esan eutsen Joanek: *Sugekumeok! Nork irakatsi deutsue, gainean dozuen hasarreari ihes egiten? Emon egizuez bihozbarritzeari jagokozan frutuak, eta ez esan zeuen barruan: "Guk Abraham dogu aita". Hara zer dinotsuedan: harri honeetatik ere sortu deikeoz Jainkoak seme-alabak Abrahami. Ezarri deutsoe dagoaneko aizkorea zuhaitz-hondoari: frutu onik emoten ez daben zuhaitz guztiak hondotik ebagi eta sutara botako dabez.
Nik urez bateatzen zaituet, bihozbarritu zaitezen; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuagoa da, eta ni ez naz inor Haren oinetakoak eroateko ere; Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. Eskuan dau sardea eta larraina garbituko dau; garia garautegian batuko dau; lastoa, barriz, amatau ez daiteken sutan erreko+.