24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 07-08-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XVIII
Evangelio y Lecturas de 07-08-2022

IRAKURGAIA 1

Ekintza beragaz arerioak zigortu egin zenduzan, eta gu aintzaz bete, Zugana deituz.

Jakituriaren liburutik
Jkd 18, 6-9

Aldez aurretik emon jaken gure asabei
Pazko Gauaren barri,
sinestu ebezan promesak sendoak zirala ikustean,
adorea izan egien.
Zintzoentzat salbamen
eta arerioentzat hondamendi izan zan
gau haren zain egon zan zure herria.
Izan ere, egintza bat beragaz gure arerioak zigortu zenduzan
eta gu ohorez bete ginduzuzan, Zeugana deituz.
Zintzoen seme-alaba fededunek
sakrifizioak eskeintzen ebezan ezkutuan,
eta danek, aho batez, lege santu hau ezarri eben:
aldi on nahiz txarretan alkarturik egongo zirala zintzoak.
Eta orduan dagoaneko, kantetan ebezan asaben gorazarreak.

IRAKURGAIA 2

Jainkoak eregi eta antolatutako herria itxaroten eban.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 11, 1-2. 8-19

Senideok: Itxaroten dogunaren oinarria da sinesmena, ikusten ez diranen froga. Sinesmenagaitik onetsi ebazan Jainkoak gure asabak.
Sinesmenari esker, Abraham, Jainkoaren deiari erantzunez, ondaretzat hartu behar eban lurraldera abiau zan, nora joian jakin barik. Sinesmenaren indarrez atzerritar lez bizi izan zan agindutako lurraldean; oihal-etxoletan bizi izan zan, Jainkoaren agintzari bera hartu eben Isaak eta Jakob lez; eta hori, oinarri sendoa dauan uria, arkitekto eta egile Jainkoa bera dauan uria, itxaron ebalako.
Sinesmenari esker hartu eban ondorengoa ekarteko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak ere sasoia joana eban arren, agintzaria egin eutsana fidagarria zala sinestu eban-eta. Holan, gizon bakarragandik —eta berau ere ia hilik egoala—, zeruko izarrak baizen ugari eta itsasbazterreko hondarrak baizen kontaezin ondorengoa sortu zan.
Horreek guztiak Jainkoak agindutako ondasunak eskuratu barik hil ziran; baina sinesmenaren argitan urrunera ikusi eta agurtu egin ebezan, holan lur honetan erromes eta arrotz zirala autortuz; izan ere, honan berba egiten dabenek garbi adierazoten dabe aberriaren bila dabilzala. Itzi eben lurraldea gogoan izan balebe, baeben egokiera hara bihurtzeko. Baina lur hobea gura eben, zerukoa. Horregaitik, Jainkoak ez dau «hareen Jainko» deitua izateko lotsarik, uri bat ere prestau eutsen-eta.
Sinesmenari esker eskeini eban Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu ebanean. Bera, agintzariak hartu ebazana, prest egoan bere seme bakarra eskeintzeko, nahiz eta seme horri buruz esan eutsan Jainkoak: «Isaaken bidez izango dozuz ondorengoak». Abrahamek uste eban Jainkoa gai dala hilak biztuteko ere; horregaitik, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmenaren ezaugarri jazo jakon.

SALMOA

Sal 32, 1 eta 12. 18-19. 20 eta 22

R/. Bai dohatsu, Jaunak bere oinorde hautatu dauan herria!

Egin poz-oihu, zintzoak, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan ere, Ha gorestea.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
Harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria. R/.

Jauna arduratzen da begirunea deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik eusteko. R/.

Guk Jaunagan dogu esperantzea,
Bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan jarrita dogu-eta itxaropena. R/.

EBANJELIOA

Zuek ere prest egon zaiteze.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 12, 32-48

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: [«Ez izan bildurrik, ene artaldetxo horrek, gogoko izan dau-eta zuen Aitak erreinua zuei emotea.
Saldu zeuen ondasunak eta emon limosnea. Pilatu egizuez zeruan hondatuko ez diran ondasunak, huts egingo ez deutsuen altxorra, han ez da-eta lapurrik hurreratzen, ezta sitsek jaten ere. Izan ere, zuen altxorra non, zuen bihotza han.]
Zagoze prest, jantziak loturik eta kriseiluak bizturik; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak lakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegitzeko prest dagozan morroiak lakoak.
Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzerakoan, zain aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: jantziak aldaturik, mahaian jesarriarazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!
Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. Egon prest zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko da-eta Gizonaren Semea».
[Pedrok itaundu eutsan: «Jauna, guretzat ala guztientzat esan dozu parabola hau?» Jaunak erantzun: «Izan zaiteze etxezain leial eta zentzuduna lakoak, nagusiak bere orduan behar dan janaria banatzeko morroien buru ipini dauana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzerakoan, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. Baina morroia, nagusiak luzatu egingo daualakoan, morroi-lagunak eta neskameak joten eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gitxien itxaroten dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia eta zorrotz zigortuko dau eta desleialek merezi daben zoria emongo deutso.
Nagusiaren nahia zein dan jakin arren, gauzak harek gura dituan lez eratzen edo egiten ez dituan morroiak zigor zorrotza izango dau; nagusiaren nahia zein dan jakin barik, zigorra merezi dauan zeredozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; eta askoren kargua emon jakonari, are kontu handiagoa eskatuko».]