19-04-2024 Viernes, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 08-05-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Pascua, VI
Evangelio y Lecturas de 08-05-2022

IRAKURGAIA 1

Jentilengana joko dogu.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 14. 43-52

Egun hareetan, Paulo eta Bernabe Pergetik Pisidiako Antiokiara joan ziran. Eta zapatuz sinagogan sartu ziran eta han jesarri.
Judu askok eta Jainkoa gurtzen eben judu barri askok Paulo eta Bernaberi jarraitu eutseen; honeek, euren hitzez, Jainkoaren graziari loturik irauteko adorea emoten eutseen.
Hurrengo zapatuan, ia herri osoa batu zan Jaunaren hitza entzuteko. Jentetza ha ikusirik, juduak bekaitzez bete ziran eta irainez egiten eutsoen kontra Paulok esaten ebanari. Orduan, Paulok eta Bernabek ausartsu esan eben:
«Zuei adierazo behar geuntsuen lehenengo Jainkoaren berbea; baina hitza baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gaitzat ez dozuezan ezkero, jentilengana joko dogu. Hauxe agindu deusku-eta Jaunak: "Nazinoen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eroan dagizun"».
Hau entzutean, jentilak poztu egin ziran eta Jaunaren hitza goresten eben. Eta betiko bizirako ziranek sineztu egin eben.
Jaunaren hitza zabaltzen joian herrialde guzti haretan. Baina juduek andra handiki jainkozale batzuk eta herriko jauntxoak berotu ebezan, eta Paulo eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu eben eta beren lurraldetik bota ebezan. Paulo eta Bernabe, protesta lez euren oinetako hautsa hareen aurka astindu eta Ikoniora joan ziran. Ikasleak, barriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran.

IRAKURGAIA 2

Bildotsak bazkatuko ditu eta ur biziko iturrietara eroango.

Apokalipsia liburutik
Ap 7, 9. 14b-17

Nik, Joanek, gizatalde handi bat ikusi neban, inork konta ezin ahalakoa, nazino eta arraza, herri eta hizkuntza guztietako jentez osotua, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutunik, soineko zuriz jantzita eta palma-adarrak eskuetan.
Zaharretako batek esan eustan: «Honeek larrialdi handitik datozenak dira. Bildotsaren odolean garbitu dabez euren soinekoak eta zuritu. Horregaitik dagoz Jainkoaren tronu aurrean, gau eta egun Hari gurtza emoten bere tenpluan, eta tronuan jesarrita dagoana hareekin biziko da. Ez dira gehiago gose, ez egarri izango, eta ez ditu eguzkiak, ez sargoriak joko, tronuaren erdian dagoan Bildotsak janarituko ditualako eta ur biziko iturrietara eroango. Eta Jainkoak begietako malko guztiak sikatuko deutsez».

SALMOA

Sal 99, 2. 3. 5

R/. Jaunaren herri gara eta Haren larreko artalde.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozetan,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera.

Jakizue Jauna dala Jainko,
Harek egin gaitu, harenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde.

«Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa».

EBANJELIOA

Nik betiko bizia emoten deutset neure ardiei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 10, 27-30

Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, hareek jarraitu egiten deuste, eta Nik betiko bizia emoten deutset: ez dira betiko galduko, eta ez deustaz inork ere eskutik kenduko.
Hareek emon deustazan nire Aita beste danak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».