24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 10-07-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XIV
Evangelio y Lecturas de 10-07-2022

IRAKURGAIA 1

Ondo-ondoan dozu berbea; bete egizu.

Deuteronomio liburutik
Dt 30, 10-14

Hau esan eutsan Moisesek herriari: «Obedituko deutsazu Jaunari, zeure Jainkoaren legearen liburu honetan idatzitako beraren agindu eta legeak betez, eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz bihurtuko zara Jaunagana, zeure Jainkoagana.
Izan ere, gaur nik emoten deutsudan agindua ez da zure indarrez gaindikoa, ezta eskuratu ezina ere. Ez dago zeruan, zuek honan esateko: "Nork igongo dau zerura, agindua ekarri eta guri jakinarazoteko, bete ahal izan dagigun?" Ez dago itsasoaz bestaldean ere, zuek hau esateko: "Nor joango jaku itsasoaz bestaldera, agindua ekarri eta guri jakinarazoteko, bete ahal izan dagigun?" Izan ere, esku-eskura dozu-eta berbea, zeure ahoan eta bihotzean, bete dagizun».

IRAKURGAIA 2

Gauza guztiak Beraren bidez eta Berarentzat dira eginak.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik
Kol 1, 15-20

Jainko ikusezinaren irudi da Jesu Kristo,
sorkari guztietan lehensemea.
Beronen bidez dira-eta eginak gauza guztiak,
zeru-lurretakoak, agiri diranak eta ez diranak:
Aurlki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
gauza guztiak Beraren bidez
eta Berarentzat dira eginak.
Diran guztiak baino lehenago da Bera,
eta guztiek Beragan diraue.
Gorputzaren buru ere Bera da,
Eleizearen buru, hain zuzen ere.
Bera da hasierea, hilen arteko lehensemea,
diran guztietan Bera izan daiten lehenengoa.
Jainkoaren gogoko izan da-eta
betearen betea Haregan egotea,
eta, haren bidez, gauza guztiak Beragaz adiskidetzea;
haren kurutzeko odolaz bakeak eginik,
zeru-lurretan diran guztiekin.

SALMOA

Sal 68,14 eta 17.30-31.36ab eta 37

R/. Murgilduok, bilatu egizue Jainkoa, eta birbiztu bekizue bihotza

Baina nik Zuri dagizut otoitz;
mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbamen leialaz.
Erantzun, Jauna, samurra da-eta zure maitasuna,
bihurtu nigana begiak zeure erruki handiaz.

Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,
indarbarritu nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.
Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
esker onez handietsiko.

Salbatuko dau, bai, Jainkoak Sion,
eregiko ditu barriro ere Judako uriak.
Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko,
haren izena maite dabenak han biziko.

EBANJELIOA

Nor dot nik nire lagun hurko?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 10, 25-37


Aldi haretan, lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz itaundu eutsan Jesusi: «Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizia jasoteko?» Jesusek esan eutsan: «Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurten dozu?»
Harek erantzun: «Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua lez». Jesusek erantzun eutsan: «Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizia izango dozu». Baina, lege-maisuak, itaun bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutsan Jesusi: «Eta nor da nire lagun hurkoa?»
Jesusek, orduan: «Behin batean, gizon bat joian Jerusalemetik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek eukazanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin eben, erdi hilik itziz.
Hain zuzen, abade bat etorren bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko levitar batek ere: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban.
Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsazan, orioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamunean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsazan, esanez: "Zaindu egizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean ordainduko deutsut".
Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako gizonagaz?» Lege-maisuak erantzun eutsan: «Haretaz errukitu zanak». Jesusek esan eutsan, orduan: «Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste».