04-07-2025 San Valentin de Berrio-Otxoa, obispo y martir, SEGUNDO PATRÓN de la Diócesis de Bilbao
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 10-09-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXIII
Evangelio y Lecturas de 10-09-2023

IRAKURGAIA 1

Gaiztoari berba egiten ez badeutsazu, haren odolaren kontua zuri eskatuko deutsut.

Ezekiel Profetearen liburutik
Ez 33, 7-9

Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, Israel herriaren begirale (jagole) izendatu zaitut. Nik esandakoa entzutean, ohartuazo egin behar dozuz nire izenean. Gaiztoren bati hil egin behar dauala esaten badeutsat, eta zuk ez badozu ohartuazoten bere jokabidea aldatu dagian, gaiztoa bere erruz hilgo da, baina zuri eskatuko deutsut haren heriotzearen kontua. Bestetara, zuk ohartuazoten badozu gaiztoa, bere jokabidea aldatu dagian, eta harek ez badau aldatzen, gaiztoa bere erruz hilgo da, baina zuk onik atarako dozu zeure bizia».

IRAKURGAIA 2

Maitatzea da Lege osoa betetea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 13, 8-10

Senideok: Ez izan zorrik inogaz, alkar maite izatekoa izan ezik, izan ere lagun hurkoa maite dauanak bete dau-eta legea. Izan ere, harako «ez adulteriorik egin, ez hil inor, ez ostu, ez inorenik gura izan eta beste edozein agindu, esaera honetan batzen dira: «Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez».
Lagun hurkoa maite dauanak ez deutso txarrik egiten. Maite dauanak, beraz, guztiz beteten dau legea.

SALMOA

Sal 94, 1-2. 6-7abc. 7d-9

R/. Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa: “Ez gogortu zuen bihotza”.

Zatoze, pozez ohiu egin deiogun Jaunari,
txalo egin deiogun salbamen dogun Arkaitzari.
Hurreratu gakiozan aurrera esker-kantuekin,
jai deiogun txalo eta eresiekin. R/.

Zatoze ahuspez gurtu dagigun,
egin gaituan Jaunari belaunikatu gakiozan.
Bera da-eta gure Jainkoa,
gu, barriz, Haren larrako herria,
Haren zainpeko artaldea. R/.

Entzungo al dozue gaur Haren ahotsa!:
“Ez gogortu zuen bihotza Meriban lez,
Masa egunean basamortuan lez.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduen,
Nik eginak ikusi arren tentatu ninduen. R/.

EBANJELIOA

Entzuten badeutsu, irabazi dozu zeure anaia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 18, 15-20

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zure senideak pekatu egiten badau, zoaz beragana eta zentzatuazo bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea. Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu egizuz zeugaz lagun bat edo bi, auzi guztiak bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi behar dira-eta. Honei ere jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari ere jaramonik egin nahi ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
Benetan dinotsuet: zuek mundu honetan lotutakoa, zeruan ere lotuta geldituko da, eta zuek mundu honetan askatutakoa, zeruan ere askatuta.
Beste hau ere esaten deutsuet: zuetako bik alkar hartzen badabe mundu honetan Jainkoari zeredozer eskatzeko, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bi edo hiru lagun nonbaiten batzen badira, han izango naz Ni euren erdian».