09-10-2024 Miércoles, XXVII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 11-02-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, IV
Evangelio y Lecturas de 11-02-2024

IRAKURGAIA 1

Bakarrik biziko da legenarduna, oihal txaboletatik urrun.

Levitarren liburutik
Lb 13, 1-2. 44-46

Honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni: «Norbaiti narruazalean handituek, zornadureak edo orbainak urteten badeutse, legenarena lako zauria sortuz, Aaron abadeagana edota haren ondorengoetako abade bategana eroango dabe. Legenarduna da; kutsaturik dago, eta holan autortuko dau abadeak buruan dauan gaitzagaitik.
Legenak jota dagoanak jantziak urratuta eroango ditu, ulea harro eta aurpegia erdi estaldurik, eta "kutsatua, kutsatua!" oihu egingo dau. Gaitzak alde egin arte, kutsatua izango da eta bakarrik biziko da, kanpalekutik aparte».

IRAKURGAIA 2

Egizue dana Jaungoikoaren aintzarako.

San Paulo apostoluak Korintotarrei
1 Kor 10,31-11,1

Senideok: Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egiten dozuela, egizue dana Jaungoikoaren aintzarako. Ez emon gaitz-biderik, ez judutarrei, ez greziarrei, ez Jaungoikoaren Elizeari.

Nik ere, neure aldetik, guztiei emoten deutset atsegin, ez neure onari begira, eurenari baino, guztiak salbatu daitezan. Izan zaiteze nire antzeko, ni Kristoren antzeko nazan lez.

SALMOA

Sal 31, 1-2. 5. 11

R/. Zeu zaitut ihesleku, askatasun-pozez inguratzen nozu

Zorionekoa hobena kendu
eta pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa Jaunak errurik egozten ez deutsona,
barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.

Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure errua ez neutsun ezkutatu.
Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.

Poztu eta alaitu Jaunagan, zintzoak,
egin pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiak. R/.

EBANJELIOA

Itzi eban lepreak, eta garbi gelditu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 40-45

Aldi haretan, legenardun bat etorri jakon erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutsan: «Nahi badozu, garbitu naikezu». Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Nahi dot, izan zaitez garbi». Orduan bertan alde egin eutsan legenak, eta garbi gelditu zan.
Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu abadeakana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dagien».
Ha, ostera, urten ebaneko, jazotakoa oihuka iragarten eta zabaltzen hasi zan, eta harrezkero ezin zan Jesus inongo herritan agirian sartu, eta kanpoan gelditzen zan leku bazterretan. Holan ere, edonondik etorkion jentea.