24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 11-09-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXIII
Evangelio y Lecturas de 11-09-2022

IRAKURGAIA 1

Damutu jakon Jaunari bere herriari egin eutsan zemaiaz.

Urteera liburutik
Ur 32, 7-11. 13-14

Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Moisesi: «Jatsi zaitez menditik, pekatu egin dau-eta Egiptotik urten eban zeure herriak. Laster asko okertu dira agindu neutsen bidetik. Zekor-irudia egin dabe, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskeini deutsoez, esanez: "Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atara zinduzana"».
Jaunak esan eutsan gainera: «Ikusten dot herri hau burugogorra dala; itzi egidazu, bada: nire hasarrea horreen aurka sutu eta hondatu egingo ditut, eta zugandik herri handi bat sortarazoko dot».
Moisesek, ostera, honan otoitz egin eutsan Jaunari, bere Jainkoari: «Jauna, zelan jarriko zara, bada, hasarre-sutan, hain ahalmen handiz eta esku indartsuz Egiptotik urten eban zeure herri honen aurka? Gogoratu egizuz zeure zerbitzariak, Abraham, Isaak eta Israel, eta hareei zeure buruagaitik egin zeuntsen zin hau: "Zuen ondorengoak zeruko izarrak baizen ugari egingo ditut, eta agindu deutsuedan lurralde guzti hau betiko ondaretzat emongo deutset"».
Holan, Jaunak atzera egin eban bere herriari egindako mehatxutik.

IRAKURGAIA 2

Jesu Kristo pekatariak salbatzera etorri zan.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik
1 Tm 1, 12-17

Anaia maite: Eskerrak emoten deutsadaz Kristo Jesus gure Jaunari; izan ere, gai egin ninduan, nigan ustea izan eban eta eginkizun hau nire eskuetan jarri; nahiz eta ni lehenago biraolari izan, erasotzaile eta laidotzaile. Jauna, ostera, errukitu jatan, sinesbakoa izanik ezjakinez egiten neban-eta egiten nebana. Eta Jainkoak gainezka isuri eban bere grazia nire gainera, niri sinesmena eta kristau maitasuna emonez.
Benetako berbea da eta guztiz onartzekoa: Jesu Kristo pekatariak salbatzera etorri zala lurrera, eta honeetan aurrenekoa naz ni. Horregaitik lortu neban errukia, Jesu Kristok nigan erakutsi egian lehenengo bere bihotz handia, eta eredu izan nendin Haregan sinestu eta betiko bizitza lortuko dabenentzat.
Gizaldien Erregeari, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, aintza eta omena gizaldi eta gizaldietan. Amen.

SALMOA

Sal 50, 3-4. 12-13. 17 eta 19

R/. Jagi eta banoa nire aitagana.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

Edegi, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorapena.
Damuz hautsiriko espiritua da
Jainkoak nahi dauan sakrifizioa;
Zuk ez dozu gutxiesten, ene Jainko,
bihotz hautsi eta umildua. R/.

EBANJELIOA

Poz handiagoa izango da zeruan, bihotz-barritzen dan pekatari bakar bategaitik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 15, 1-32

Aldi haretan, zergalari eta pekatariak Jesusi hurreratu ohi jakozan entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan ere egiten dau hareekin».
Orduan, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez da beste laurogeita hemeretziak larrean itzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzen dauanean, lepoan hartzen dau poz-pozik eta, etxera heltzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: "Poztu zaiteze nigaz, aurkitu dot-eta galdutako ardia".
Hara zer dinotsuedan: Jainkoak ere poz handiagoa hartzen dau bihozbarritzen dan pekatari bategaitik bihozbarritu beharrik ez daben laurogeita hemeretzi zintzogaitik baino.
Eta zein emakumek, zidarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bajako, ez dau, kruseilua bizturik, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzen dauanean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: "Poztu zaiteze nigaz, aurkitu dot-eta galdutako txanpona".
Hara zer dinotsuedan: Bardin pozten da Jainkoa bere aingeruekin bihozbarritzen dan pekatari bategaitik».
[Gainera esan eutsen Jesusek: «Gizon batek seme bi ebazan. Gazteenak esan eutsan aitari: "Aita, emoidazu dagokidan senipartea". Eta aitak ondasunak banatu eutsezan. Handik egun gitxira, seme gazteena, ebazan guztiak baturik, urruneko herrialde batera joan zan, eta han, nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan ebazan.
Dana eralgi ebanean, gosete handia sortu zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere arloetara bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten eben ezkurrez sabela beteteko gogoak emoten eutsan, ez eutsan-eta inork jaten emoten.
Orduan, bere barrura bihurturik, esan eban: "Hamaika langile bada nire aitarenean, nahiko ogi dauala, eta ni hemen goseak hilten. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme-izenik merezi. Hartu nagizu zeure langileetako bat lez". Eta jagi eta aitagana abiatu zan.
Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta erruki izan eban, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi jakon. Semeak esan eutsan: "Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme-izenik merezi".
Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: "Ekarri behingoan soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dagigun jai-jatordua, nire seme hau hilda egoala biztu egin da-eta, galduta egoala aurkitu egin dogu-eta". Eta jaia hasi eben.
Seme zaharrena soloan zan. Etxera hurreratzean, soinua eta dantzak sumatu ebazan, eta, morroi bati deiturik, zer jazoten zan itaundu eutsan. Morroiak erantzun: "Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil dau, semea onik Beraganatu daualako". Seme zaharrena biziro hasarratu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. Baina harek erantzun eutsan aitari: "Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoala, zure agindurik behin ere huts egin barik, eta ez deustazu sekula auma bat ere emon lagun artean jateko, eta horra zure seme hori, emagalduekin zure ondasunak jan dituan hori, etorri dala-eta, zekor gizendua hil deutsazu".
Aitak erantzun eutsan: "Seme, zu beti nigaz zagoz, eta nire guztia zeurea dozu. Baina egokia zan jai egitea eta poztea, zure anaia hau hilda egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta"».]