28-03-2024 Jueves, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 12-02-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, IV
Evangelio y Lecturas de 12-02-2023

IRAKURGAIA 1

Inori ez deutso pekatu egiteko agindu.

Siraken liburutik
Si 15, 16-21

Nahi badozu, gordeko dozuz aginduak,
eta zintzo beteko Jaunaren nahia.
Harek sua eta ura jarri deutsuz aurrean;
Nora nahi, hara eroan daikezu eskua.
Bizia eta heriotzea dagoz gizakiaren aurrean jarriak;
zer dauan aukeratzen, haxe emongo jako.
Handia da, bai, Jaunaren jakituria,
handia da haren ahalmena eta dana ikusten dau.
Begirunea deutsoenakan ditu jarriak begiak,
gizakiak egindako guztia ezagutzen dau.
Ez deutso inori fedebakoa izateko agindu,
ezta inori pekatu egiteko baimenik emon ere.

IRAKURGAIA 2

Jainkoak gizaldien aurretik aukeratuta eukan jakituria gure aintzarako.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 2, 6-10

Senideok: Jakituria irakasten deutsegu guk kristau helduei; baina jakituria hori ez da mundu honetakoa, ezta laster galduko diran mundu honetako agintariena ere. Guk Jainkoaren jakituria misteriotsua irakasten dogu, Harek ezkutuan edukitakoa eta betidanik gure aintzarako erabagia eukana. Mundu honetako agintarietako inork ez dau ezagutu jakituria hori, izan ere, ezagutu izan balebe, ez eben kurutzeratuko Jainkoaren aintza beragaz eban Jauna.
Baina, Liburu Santuak dinoan lez, «inork ikusi eta entzun ez dauana, gizakiari inoiz bururatu ez jakona, Jainkoak Bera maite dabenentzat prestauta eukana», horixe agertu deusku Jainkoak Espirituaren bidez. Espirituak, izan ere, guztia aztertzen dau, baita Jainkoaren barru barrua ere.

SALMOA

Sal 118,1-2.4-5.17-18.33-34

R/. Dohatsu Jaunaren legean dabilzanak.

Dohatsu zintzo bizi diranak,
Jaunaren legean dabilzanak.
Dohatsu Harek iragarria egiten dabenak,
Ha bihotz-bihotzez bilatzen dabenak. R/.

Zuk emon dozuz arauak
arretaz gordetekoak.
Nire bideak izan beitez sendo,
Zuk ezarriak beteteko. R/.

Morroi honi egiozu esker bizitzeko,
zure berbak gordeteko.
Edegi egizuz nire begiak,
ikusi dagidazan zure legearen mirariak. R/.

Jauna, Zuk ezarrien bidea irakatsi egidazu,
jarraituko natxako zeharo.
Argitu nagizu zure legea bete dagidan,
bihotz-bihotzez gorde dagidan. R/.

EBANJELIOA

Honan agindu jaken antzinakoei; Nik, ostera, hau dinotsuet.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 17-37

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari:[ «Ez uste izan Moisesen Legea edota Profeten esanak baztertzera etorri nazanik; ez naz baztertzera etorri, euren betera eroatera baino.
Benetan dinotsuek: Zeru-lurrek iraungo daben bitartean, Legearen letra edo zeinurik txikienak ere ez dau baliorik galduko, guztia bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausi eta hausten irakasten dauana, txikiena izango da zeruetako erreinuan; bete eta beteten irakasten dauana, barriz, handia izango da zeruetako erreinuan». ]
Jesusek esan eutsen ikasleei: «Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto beteten ez badozue, ez zaree sartuko zeruetako erreinuan.
Entzun dozue antzinakoei agindua: "Ez hil inor", eta norbait hilten dauana errudun izango da auzitegian. Nik, ostera, hau dinotsuet: bere senideagaz hasarratzen dana errudun izango da auzitegian; [senideari zoroa esaten deutsana errudun izango da batzar nagusian, eta sinesbakoa esaten deutsana infernuko sutarako errudun izango da.
Beraz, zeure oparia altaran eskeintzean, gogoratzen bajatzu zure senideak badauala zerbait zure aurka, itzi oparia han bertan, altara aurrean, eta zoaz lehenengo senideagaz bakeak egitera; etorri orduan eta eskeini zeure oparia.
Konpondu zaitez lehenbailehen zeure arerioagaz, haregaz auzitegira zoazan bitartean, arerioak epailearen esku jarri ez zagizan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sartu ez zagiezan. Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo, azken txanpona ordaindu arte».]
Entzun dozue antzinakoei agindua: "Ez egin adulteriorik". Nik, ostera, hau dinotsuet: Emakume bati gurari biziaz begiratzen deutsanak egin dau dagoaneko adulterioa bere bihotzean.
[Eskumako begia galbide bajatzu, atara eta bota zeugandik urrun: hobe dozu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskumako eskua galbide bajatzu, moztu eta bota zeugandik urrun: hobe dozu gorputz atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
Aginduta dago hau ere: "Emaztea izten dauanak emon deiola dibortzio-agiria". Nik, ostera, hau dinotsuet: Bere emaztea izten dauanak —legez kontra alkartuak ez badira behintzat—, adulteriora bultzatzen dau emaztea; eta itzitako emakumeagaz ezkontzen danak adulterioa egiten dau.]
Entzun dozue antzinakoei agindu jakena: "Ez egin guzurrezko zinik", eta "bete Jaunari egindako zinak". Nik, ostera, hau dinotsuet: Ez egin ezelango zinik, [ez zeruagaitik, Jainkoaren tronua da-eta; ez lurragaitik, haren oinaulkia da-eta; ezta Jerusalemegaitik ere, Errege handiaren uria da-eta. Ez egin zinik zeure buruagaitik ere, ez daikezu-eta zeure ule bakar bat ere zuri edo baltz bihurtu.]
Zuek esan egizue "bai", bai danean, eta "ez", ez danean; gainerakoa gaiztoagandik dator».