05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 14-05-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, VI
Evangelio y Lecturas de 14-05-2023

IRAKURGAIA 1

Eskuak buruan ezarri eutseezan eta Espiritu Santua hartu eben.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 8, 5-8. 14-17

Egun hareetan, Felipe Samaria urira jatsi eta Mesiasen barri emoten hasi zan. Jenteak, Felipek esaten ebana entzun eta egiten zituan mirariak ikustean, gogo batez onartzen eban haren predikua; izan ere, deabrudun askogandik urteten eben espiritu gaiztoak deadarka, eta elbarri eta herren asko osatzen ziran. Poz handia izan zan uri haretan.
Jerusalemen egozan apostoluek, Samariak Jainkoaren berbea onartu ebala jakitean, Pedro eta Joan bialdu ebezan hara. Heldu ziranean, hareen alde otoitz egin eben, Espiritu Santua hartu egien. Izan ere, artean hareetako inorengana jatsi barik egoan Espiritua; Jesus Jaunaren izenean bakarrik izan ziran bateatuak. Orduan, Pedrok eta Joanek eskuak buruan ezarri eutseezan eta Espiritu Santua hartu eben.

IRAKURGAIA 2

Heriotzea jasan eban bere gorputzean, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik.

San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 P 3, 15-18

Senide maiteok: Goratu egizue Jauna, Kristo, zeuen bihotzetan, eta egon beti prest zeuen itxaropenaren arrazoia emoteko eskatzen deutsueen guztiei; baina egizue apaltasunez eta begirunez, kontzientzia garbiz jokatuz. Holan, kristau lez dozuen jokabide onaz txarto esaka diharduenak lotsatu egingo dira zuen kontra esaten dabenaz. Hobe da, izan ere, ondo egiteagaitik sufritzea, Jainkoak holan nahi izan ezkero, txarto egiteagaitik sufritzea baino.
Kristok heriotzea jasan eban pekatuakaitik behin betiko —Errubakoak errudunakaitik—, zuek Jainkoagana eroateko. Gizakia zanez, heriotzea jasan eban, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik.

SALMOA

Sal 65, 1-3a. 4-5. 6-7a. 16 eta 20

R/. Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari.

Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
egin eresi Haren izen ederrari,
emon goralpen eder Berari.
Esan Jainkoari: «Zuk eginak bai dirala harrigarriak!» R/.

Ahuspeztu bedi lur osoa zure aurrean eresi eginez,
zure izenari eresi eginez.
Zatoze eta ikusi Jainkoaren lanak,
harritzeko dira-eta gizakiakaitik egin dituanak. R/.

Itsasoa lehor bihurtu dau,
oinez igaro dira ibaiaren erditik;
beraz, poztu gaitezan Haregaz.
Nagusi da ahal izatez betiko. R/.

Zatoze eta entzun, Jainkoaren bildur zareenok,
esango deutsuedaz nire alde Harek eginak.
Bedeinkatua Jainkoa, ez dau-eta uxatu nire eskaria,
ez deust-eta ukatu bere grazia. R/.

EBANJELIOA

Nik Aitari eskatuko deutsat, eta beste laguntzaile bat emongo deutsue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 15-21

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Maite banozue, beteko dozuez nire aginduak. Nik Aitari eskatuko deutsat, eta beste laguntzaile bat emongo deutsue, beti zuekin egon daiten, egiaren Espiritua. Munduak ezin dau hartu, ez dau ikusten-eta, ez ezagutzen; zuek, ostera, ezagutzen dozue, zuekan bizi dalako eta zuekin egongo dalako betiko.
Ez zaituet umezurtz itziko, bihurtuko naz zuekana. Laster munduak ez nau ikusiko; zuek, ostera, ikusiko nozue, Ni bizi naz eta zuek ere biziko zaree-eta. Egun haretan ulertuko dozue Ni Aitagan nagoala, eta zuek Nigan eta Ni zuekan. Nire aginduak onartu eta beteten dituanak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauana nire Aitak maite izango dau, eta Nik ere maite izango dot eta agertuko natxako».