14-10-2024 Lunes, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 14-07-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XV
Evangelio y Lecturas de 14-07-2024

IRAKURGAIA 1

Zoaz, eta iragarri egiozu profeta-berbea nire herriari.

Amos Profetearen liburutik
Am 7, 12-15

Orduan, Amatziasek esan eutsan Amosi: «Ikusle, zoaz, alde hemendik Judako lurraldera. Egin han profetearena eta irabazi zeure ogia. Baina ez jardun gehiago profetagintzan Betelen, hau errege-santutegia eta erreinuko jauretxea da-eta».
Amosek erantzun eutsan Amatziasi: «Ni ez naz ogibidez profeta, abeltzaina naz eta basapiku-batzailea. Abeltzain nenbilela hartu ninduan Jaunak eta bere herri Israeli profetizatzera bialdu.

IRAKURGAIA 2

Kristogan aukeratu ginduzan Jainkoak, mundua sortu baino lehen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 1, 3-14

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
Espirituaren era guztietako bedeinkapenez
zeruan Kristogan bedeinkatu gaituana.
Beragan aukeratu ginduzan,
mundua sortu baino lehen,
haren aurrean, maitasunez,
santu eta errubage izan gaitezan.
Aurrez aukeratu ginduzan bere seme-alabaorde izateko,
Jesu Kristoren bidez,
bere nahiaren onberatasunez,
bere Seme maiteagan
hain ugari emon deuskun graziaren aintzak
Bera gorespenez bete dagian.
Seme honegan, honen odolaz dogu erospena,
eta pekatuen parkamena;
halakoa izan da haren grazi aberastasuna.
Oparo isuri deusku-eta bere grazia
ezaguera osoz eta jakituriaz:
bere nahiaren misterioa ezagutuazo deusku,
bere ondoguraz erabagita ebana,
sasoia etorkonean beteko ebana:
Zeruko eta lurreko gauza guztiak
Kristogan batuko dituala,
Berau buru dala.
[Kristoren bitartez gara oinordeko gu ere, israeldarrok lehendik Mesiasegan itxaroten genduanok, gauza guztiak Berak nahi dituan lez egiten dituan Jainkoak aurrez aukeratu gaitu-eta bere asmoaren arabera, beraren aintzaren gorespen-kantu izan gaitezan.
Eta zuek ere egiaren mezua, salbatzen zaituen Barriona, entzun eta Mesiasegan sinestu dozuenok, agindutako Espiritu Santuaz zigiluz lez markatuak izan zaree. Espiritua da hartuko dogun ondarearen bermea, Jainkoak bere egin dauan herria askapen osora iritsiko danaren segurantza, Jainkoaren aintzaren gorespen-kantu izateko.]

SALMOA

Sal 84, 9ab-10. 11-12. 13-14

Jauna, zure maitasuna erakutsi eiguzu, zure salbamena emoiguzu.

Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse.
Hurrean dabe salbamena begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

Maitasunak eta leialtasunak topo dabe egiten,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik erneten da,
justizia zerutik jaisten. R/.

Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko dau uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren urratsei jarraituko deutse ondoizateak.R/.

EBANJELIOA

Bialtzen hasi zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 6, 7-13

Aldi haretan, Jesusek Hamabiei dei egin eta binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botateko ahalmena emoten eutsela.
Biderako ezer ere ez hartzeko agindu eutsen, makilea besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta dirurik ere gerrikoan; oinetan sandaliak eroan egiezala; baina aldatzeko soinekorik ez.
Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe batean sartzean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituee eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, euren kontrako seinaletzat».
Joan ziran, bada, hareek, eta Barriona iragarri eben bihozbarritu eitezan. Deabru asko botaten eben eta gaixo asko osatzen, orioz igurtziz.