29-07-2025 Martes, XVII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 16-03-2025
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, II
Evangelio y Lecturas de 16-03-2025

IRAKURGAIA 1

Jainkoak ituna egiten dau Abraham fededunagaz.

Hasiera liburutik
Has 15, 5-12. 17-18

Egun hareetan, Jaunak kanpora atarazo eban Abram eta esan eutsan: «Begiratu zerura eta kontatu egizuz izarrak, ahal badozu». Eta, gainera, esan eutsan: «Horrenbeste izango dira zure ondorengoak». Abramek sinestu egin eban Jaunagan, eta Jaunak zuzentzat hartu eban. Eta esan eutsan: «Neu naz Jauna, kaldearren Ur uritik atara zindudazana, lurralde hau zuri jabetzan emoteko».
Abramek esan eutsan: «Jainko Jauna, nondik ezagutuko dot lurraldearen jabe izango nazala?»
Jaunak erantzun eutsan: «Ekarri egidazuz hiru urteko txahal bat, hiru urteko ahuntz bat, hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usakume bat». Ekarri zituan Abramek honeek guztiak eta erdibitu egin zituan, eta zatiak bata bestearen aurrez aurre ipini; hegaztiak ez zituan erdibitu. Hegazti harrapariak sarraskira etozan, eta Abramek uxatu egiten zituan.
Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zan Abram, eta ikara handia sartu jakon.
Eguzkia sartu eta ilun-baltz egin zanean, laba bat ketan eta zuzi bat sutan agertu ziran abere-zatien artetik igaroz. Egun haretan Jaunak agintzari hau egin eutsan Abrami: «Zure ondorengoei emongo deutset lurralde hau, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino».

IRAKURGAIA 2

Kristok bere gorputz aintzatsuaren irudiko egingo gaitu.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 3, 17—4, 1

Senideok: [Izan zaiteze nire antzeko, eta begiratu nigan dozuen ereduaren arabera bizi diranei. Izan ere, asko dira Kristoren kurutzearen arerio lez bizi diranak. Askotan esan deutsuet eta barriro dinotsuet orain malko artean. Holakoen azkena hondamendia da; sabela dabe jainko, euren lotsarietan harrotzen dira eta lurreko gauzetan bakarrik pentsetan dabe.]
Gu, ostera, zeruko uritar gara eta handik itxaron dogu Salbatzailea, Jesu Kristo Jauna. Berak antzaldatuko dau gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak ere menpe jarteko dauan ahalmenari esker.
Holan, bada, ene senide gogoko eta maiteok, nire poza eta nire koroa, iraun egizue holan Jaunari leial, maiteok.

SALMOA

Sal 26, 1. 7-8ab. 8c-9. 13-14

R/. Jauna dot argi eta salbamen

Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/.

Entzun, Jauna, nire dei-hotsa,
erruki zakidaz eta erantzun.
Bihotzak esaten deust:
«Bilatu egizu haren aurpegia». R/.

Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez ezkutatu niri zeure aurpegia.
Ez baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zu zaitut-eta laguntza.
Ez itzi ni eskutik, ez zapuztu,
salbatzaile zaitudan Jainko. R/.

Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.

EBANJELIOA

Otoitzean ziharduela, aurpegiko itxura aldatu egin jakon.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 28b-36

Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendira igon eban otoitz egitera. Otoitzean ziharduala, aurpegiko itxura aldatu egin jakon, eta jantzia zuri disdiratsu bihurtu. Haretan, gizon bik Jesusegaz berbetan ziharduen, Moisesek eta Eliasek, aintzatan agertuak, Jerusalemen jazotekoa zan Jesusen heriotzaz berba egiten eben. Pedro eta lagunak logureak jota egozan; baina esnatu ziran eta Jesusen aintza eta Haregaz egozan gizon biak ikusi ebezan.
Honeek alde egitean, Pedrok esan eutsan Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban ere.
Hau esaten ziharduala, hodei batek estaldu zituan, eta hodeian sartzean bildurrak hartu zituan. Ahots batek urten eban hodeitik, esanez: «Hauxe da nire Semea, nire Aukeratua. Entzuiozue». Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik agiri zan.
Ikasleek isilik gorde eben, eta egun hareetan ez eutsoen inori esan ikusitakorik ezer.