22-07-2024 María Magdalena
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 16-04-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Pascua, III
Evangelio y Lecturas de 16-04-2023

IRAKURGAIA 1

Sinestedun guztiak batasunean bizi ziran, eta dana danentzat euken.

Eg 2, 42-47

Apostoluen Eginak liburutik

Senideek zintzo irauten eben apostoluen irakaspenak entzuten eta alkarte bizitzan, ogia zatitzen eta otoitzean.
Jente guztia izuturik egoan apostoluek egiten ebezan hainbeste mirari eta ezaugarrigaz. Sinestedun guztiak batasunean bizi ziran eta dana danentzat euken: euren lur eta ondasunak saldu eta guztien artean banatzen eben dirua, bakoitzaren beharrizanari egokionez.
Egunero batu ohi ziran alkarregaz tenpluan, eta etxeetan zatitzen eben ogia, jatorduak pozik eta bihotz apalez eginez. Jainkoa goresten eben, eta herri osoak begi onez ikusten zituan. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen eutsozan alkarteari salbatzen ziranak.

IRAKURGAIA 2

Jesu Kristo, ikusi ez dozuela ere, maite dozue;Beragan sinesten dozue, eta esan ezin ahalako pozez alaitzen zaree.

San Pedro Apostoluaren lehenengo gutunetik
1 P 1, 3-9

Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiaz itxaropen bizira sortu gaitu barriro, Jesu Kristo hilen artetik biztuz. Holan, hondatu, zikindu edo zimeldu ez daiteken ondarea itxaron dogu, zuentzat zeruetan gordeta dagoana. Jainkoaren indarrak zaintzen zaitue sinesmenari esker, azken aldian agertuko dan salbamena jadetsi dagizuen.
Horregaitik, pozik zagoze, nahiz eta oraindino alditxo batez probaldi batzuk sufritu behar izango dozuezan. Holan zuen sinesmenak bere jatortasuna erakutsiko dau, galkorra izan arren sutan garbitzen dan urreak lez; eta urrea baino askoz baliotsuagoa dan zuen sinesmenak gorespena, aintza eta ohorea lortuko ditu, Jesu Kristo agertuko danean.
Maite dozue Jesu Kristo, ikusi ez badozue ere. Eta ikusi barik Beragan sinesten dozuela, esan ezin ahalako pozez, poz disdiratsuz, alaitzen zaree eta zeuen sinesmenaren helburua, zeuen salbamena, lortzen dozue.

SALMOA

Sal 117, 2-4. 13-15. 22-24

R/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta, Haren maitasuna betikoa da-eta.

edo Aleluia.

Israel etxeak hau esan begi:
«Haren maitasuna betikoa».
Aaron etxeak hau esan begi:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan begie Jaunaren bildur direnek:
«Haren maitasuna betikoa». R/.

Gogor bultzatu ninduen jausteko,
han egoan Jauna ni laguntzeko.
Nire indar eta nire kemen Jauna,
Ha da nire salbamena.
Poz eta garaipen-oihuak
zintzoen txabolan. R/.

Etxegileek baztertutako harria,
berori egin da giltzarria.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri.
Hau da Jaunak egin dauan eguna,
gu pozteko eta alaitzeko eguna. R/.

EBANJELIOA

Handik zortzi egunera, barriro agertu jaken Jesus.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 20, 19-31

Astearen lehenengo egunean, ilunabarrean, etxe batean batuta egozan ikasleak, ateak itxita, juduen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean.
Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak Ni bialdu nauan lez, Nik zuek bialtzen zaituet». Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. Beste ikasleek esan eutsoen: «Jauna ikusi dogu». Tomasek erantzun eutsen: «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren untze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dot sinestuko».
Handik zortzi egunera, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere hareekin zan. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta erdian jarririk esan eutsen: «Bakea zuei». Gero esan eutsan Tomasi: «Ekarri atzamarra, begiratu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baino».
Tomasek erantzun eutsan: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan eutsan: «Ikusi nozulako sinestu al dozu? Zorionekoak ikusi barik sinesten dabenak».
Beste ezaugarri asko ere egin zituan Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez dagozanak; hemen idatziak Jesus Mesias, Jainkoaren Semea, dala sinestu dagizuen idatzi dira eta, sinestuz, haren izenean bizia izan dagizuen.