05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 16-07-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XV
Evangelio y Lecturas de 16-07-2023

IRAKURGAIA 1

Nire berbeak egingo dau Nik gura dodana.

Isaias Profetearen liburutik
Is 55, 10-11

Honan berba egiten dau Jaunak:
«Euria eta edurra zerutik jaisten dira
eta ez dira barriro hara bihurtzen,
lurra ase, ernaldu eta ernamuindu barik,
lur horrek ereiteko hazia
eta jateko ogia emon dagizan;
holan izango da nire ahotik urtendako berbea ere:
ez da Nigana hutsik bihurtuko,
bai, ostera, egingo dau Nik gura dodana
eta beteko nik ezarritako helburua».

IRAKURGAIA 2

Izadia bera ere zain-zain dago, Jainkoaren seme-alaben agerkunde beteari itxaroten.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 8, 18-23

Senideok: Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gitxi dira gero gugan azalduko dan aintzaren aldean. Izadia bera ere gurari biziz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko bere seme-alaba izatea zer dan. Izadiak bere benetako helburua galdua izan arren —ez bere gogoz, horretara behartu ebanagaitik baino—, badau itxaropena, esklabotzatik eta hondamenetik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.
Badakigu, jakin ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoala orain arte. Eta ha ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohai lez hartu dogunok intzirika gagoz geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituan zain.

SALMOA

Sal 64, 10 abcd. 10c-11. 12-13. 14

R/. Lur onean jausi zan haziak ugari emon eban frutua.

Zuk dozu lurra zaintzen, urez asetzen
eta oparo aberasten.
Urez gainezka doa zeruko ubidea;
Zuk emoten deutsazu gizakiari gari-alea. R/.

Zuk prestatzen lurra honan:
erretenak busti, mokilak bardindu,
euri-zaparradez harrotu, kimuak bedeinkatu. R/.

Zeure ondasunez burutzen dozu urtea,
ugaritasuna dariela dagoz zure bideak.
Heze eta ugari dagoz landa zabalak,
alaitasunez apaindurik mendi-egoak. R/.

Zelaiak artaldez jantzi dira, ibarrak gariz estaldu,
poz-oihuz eta kantari. R/.

EBANJELIOA

Urten eban ereileak ereitera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 13, 1-23

Egun haretan, Jesus, etxetik urten eta, itsasertzean jesarri zan. Eta hainbeste jente batu jakonez inguruan, txalupa batera igon eta bertan jesarri zan. Jente-taldea, barriz, hondartzan egoan. Gauza asko esan eutsen parabola bidez berba eginez:
«Behin batean, urten eban ereileak hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan lekuan, eta azaleko lurra izanik, bat-batean erne ziran; baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, zuztarrik ez ebelako, ihartu.
Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta frutua emon eben: bateko ehun, hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk dauanak, entzun begi».
Ikasleek hurreratu eta itaun hau egin eutsoen Jesusi: «Zergaitik berba egiten deutsezu parabolen bidez?»
Jesusek erantzun eutsen: «Zuei emon jatzue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horreei, ostera, ez. Izan ere, daukonari emon egingo jako eta gainezka izango dau; ez daukonari, ostera, daukon apurra ere kendu egingo jako. Hona zergaitik berba egiten deutsedan parabolen bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dabelako; entzun bai, baina aditzen ez dabelako, ezta ulertzen ere. Holan, Isaias Profeteak esana beteten da horreekan:
"Entzungo dozue, bai, baina ulertu ez;
ikusiko dozue, bai, baina ohartu ez.
Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez begie begiz ikusi,
ez belarriz entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
holan Nigana bihurtu ez daitezan
eta salbau ez dagidazan".
Zorionekoak, ostera, zuen begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako. Benetan dinotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan eban zuek ikusten dozuena, baina ez eban ikusi, eta entzun zuek entzuten dozuena, baina ez eban entzun».
Jesusek esan eutsen ikasleei: «Entzun ereilearen parabolearen esanahia: Erreinuaren berbea entzun bai, baina ulertzen ez dauanari, Gaiztoak etorri eta kendu egiten deutso bihotzean erein jakona. Hori da bide-bazterrean ereindakoa.
Harri artean ereindakoa hauxe da: berbea entzutean, bat-batean pozik hartzen dauana; baina, zuztar bakoa eta iraupen gitxikoa izanik, berbea dala-eta estutasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, bat-batean huts egiten dau.
Sasi artean ereindakoa hauxe da: berbea entzun bai, baina mundu honetako ardurak eta diru-goseak ito egiten deutsoe berbea, frutu barik itziz.
Lur onean ereindakoa, barriz, hauxe da: berbea entzun eta ulertzen dauana. Honek frutua emoten dau: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar».