08-11-2024 Viernes, XXXI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 17-03-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, IV
Evangelio y Lecturas de 17-03-2024

IRAKURGAIA 1

Itun barria egingo dot, eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango.

Jeremias Profetearen liburutik
Jr 31, 31-34

Hau dino Jaunak:
«Hara, badator Israel herriagaz eta Juda herriagaz itun barria egingo dodan sasoia. Ez da izango, Egiptotik atarateko eskutik hartu nituanean euren arbasoekaz egin nebana lakoa, hareek hausi egin eben-eta nire ituna, Ni euren nagusia izan arren —dino Jaunak—. Hona hemen etorkizunean Israelegaz egingo dodan ituna —dino Jaunak—: Barruan ezarriko deutset neure Legea eta bihotzean idatziko. Ni hareen Jainko izango naz eta hareek nire herri izango dira. Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango, "Ezagutu Jauna" esanez, guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko nabe-eta —dino Jaunak—; parkatu egiten deutset gaiztakeria, eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango ».

IRAKURGAIA 2

Esaneko izaten ikasi eban, eta betiko salbamen-iturri egin zan.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 5, 7-9

Senideok: Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz eta negarrez egin eutsan otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari, eta entzun egin eutsan bere begiruneagaitik. Eta Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbamenaren iturri egin zan obeditzen deutsoen guztientzat.

SALMOA

Sal 50, 3-4. 12-13. 14-15

R/. Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan.

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

Poztu nagizu barriro zeure salbamenaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.

EBANJELIOA

Gari-alea hilten bada, frutu asko emoten dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 12, 20-33

Aldi haretan, jaietan Jainkoari kultu emotera igon ebenen artean, baziran greziar batzuk ere.
Honeek Galileako Betsaidako Felipegana hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen: «Jauna, Jesus ikusi gura geunke». Andresi esatera joan zan Felipe, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi esan eutsoen.
Jesusek erantzun eutsen: «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. Egi-egiaz dinotsuet: Gari-alea, lurrean jausi eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hilten bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.
Larri dot orain neure barrua, baina zer esan? Ordu honetatik atarateko eskatuko al deutsat Aitari? Baina honetarakoxe etorria naz, hain zuzen, ordu honetarako! Aita, azaldu zeure izenaren aintza!»
Orduan, ahots bat entzun zan zerutik: «Azaldu dot, eta barriro ere azalduko dot». Han egoan jenteak, ahotsa entzunik, trumoia izan zala inoen; beste batzuek, barriz, aingeru batek berba egin eutsala.
Jesusek esan eutsen: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zuentzat baino. Oraintxe da mundu honen epaiketa, oraintxe botako dabe kanpora mundu honetako buruzagia; eta Nik, lurretik jasoko nabenean, Neugana erakarriko ditut guztiak». Berba honeen bidez, zelako heriotzaz hilgo zan adierazo eban.