24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 17-07-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XV
Evangelio y Lecturas de 17-07-2022

IRAKURGAIA 1

Jauna, ez joan zure morroiaren aurretik, gelditu barik.

Hasiera liburutik
Has 18, 1-10a

Egun hareetan, Jauna agertu jakon Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-txabolaren sarreran jesarrita egoan, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi ebazan bere aurrean zutunik. Ikusi orduko, lasterka joan jaken txabolearen sarreratik eta, ahuspez jarririk, esan eban: «Ene Jauna, gogoko banozu, ez jarraitu zeure morroiagaz gelditu barik. Ura ekarriko deutsuet, oinak garbitzeko, eta zuhaizpean hartuko dozue atseden. Jatekoa ere ekarriko deutsuet, indarbarritu zaitezen, eta gero jarraituko deutsazue bideari; zeredozergaitik igaro zaree zeuen morroi honen ondotik». Hareek erantzun eutsoen: «Egizu dinozuna».
Abraham lasterka sartu zan oihal-txabolara, Sara emazteagana, eta esan eutsan: «Bizkor, egizu orea urun garbiz eta prestatu egizuz opilak». Abraham bera bizi-bizi joan zan kortara eta, zekor gizen on bat aukeraturik, morroi bati emon eutsan; honek bat-batean atondu eban. Gero, hartu ebazan Abrahamek gatzatua, esnea eta atondutako zekorra, eta bisitariei eroan eutsen. Hareek jaten eben bitartean, zutunik egon zan bera hareen ondoan zuhaizpean.
Amaitzean, itaundu eutsoen: «Non da Sara, zure emaztea?» Abrahamek erantzun: «Hor, oihal-txabolan». Hareetako batek esan eutsan: «Urtebete barru ziur bihurtuko najatzu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango dau».

IRAKURGAIA 2

Gizaldietan ezkutuan egondako misterioa, eta orain santuei agertua.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik
Kol 1, 24-28

Senideok: Pozik nago orain, zuen alde jasaten ditudan sufrimenduakaitik; holan, neure gorputzean jasaten dihardudazan atsekabeen bidez Kristoren atsekabeak osotzen ditut, haren gorputza dan Eleizearen alde. Jainkoak Eleizearen zerbitzari egin nau, bere mezua zuei oso-osorik adierazteko eginkizuna emon deust-eta.
Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, belaunaldietan eta gizaldietan gordeta euki ondoren, orain Jainkoak bere fededunei agertu deutsena. Honei jakinarazo gura izan deutse Jainkoak zein aberats eta aintzatsu dan jentilentzat asmo ezkutu hori; zuekan dan eta aintzarako itxaropen dozuen Kristori buruz dinotsuet. Kristo hauxe dihardugu iragarten, danei aholku emonez eta jakituria guztiaz irakatsiz, guztiak euren kristau-bizitzan heldutasun betera heldu daitezan.

SALMOA

Sal 14, 2-3.4-5

R/. Jauna, nor egon daiteke zure etxean?Nor bizi zure mendi santuan?

Akats barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor belzten ez dauana;
hurkoari kalterik egiten ez deutsana,
ezta auzokoa iraintzen ere. R/.

Jaunak baztertua gutxietsi
eta jainkozaleak ohoratzen dituana;
bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dana;
dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen ere. R/.

EBANJELIOA

Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik.
Lk 10, 38-42

Aldi haretan, sartu zan Jesus herritxo baten, eta Marta eritzon emakume batek bere etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko aizta bat; eta hau Jaunaren oinetan jarrita, Haren berbea entzuten egoan.
Martak, barriz, baeukan nahiko lan etxeko zereginetan; eta, aurrean jarri eta esan eutsan Jesusi: “Jauna, ez ete deutsu bape ardura, nire aizteak ni lanean bakarrik izteak? Esaiozu niri laguntzeko”. Eta Jaunak erantzun: “Marta, Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz; eta bat bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderik onena aukeratu dau, eta ez jako hoti kenduko”.