23-11-2024 Sábado, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 17-11-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXXIII
Evangelio y Lecturas de 17-11-2024

IRAKURGAIA 1

Aldi haretan salbatuko da zure herria.

Daniel Profetearen liburutik
Dn 12, 1-3

Aldi haretan, Mikael, aingeruen buruzagia eta zure herriaren zaindaria agertuko da. Larrialdia izango da, herriak izaten hasi ziranetik bardinik bakoa. Baina aldi haretan salbatuko da zure herria, biziaren liburuan euren izena idatzita daben guztiak, hain zuzen ere.
Iratzarri egingo da hilobietan lo dagoan asko: batzuk betiko bizirako, besteak betiko lotsarako. Jakintsuek ortziaren disdiraz disdiratuko dabe, eta besteei bide zuzenean ibilten irakatsi deutseenek izarrek lez betierean.

IRAKURGAIA 2

Opari bakar baten bidez, santutasun betea ekarri deutse behin betiko, santu egindakoei.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 10, 11-14. 18

Senideok: Abadeak egunero dihardu bere kultu-zerbitzuan, pekatua ezelan ere kendu ezin daben opari berberak behin eta barriz eskeintzen. Kristo, ostera, pekatuakaitik opari bat bakarra eskeini ondoren, Jainkoaren eskumaldean jesarri zan behin betiko. Eta, orain, Jainkoak arerioak oinaurkitzat noiz jarriko deutsozan itxaroten dago. Izan ere, opari bakar baten bidez euren betera eroan ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.
Holan bada, pekatuak parkaturik dagozanean, ez dago pekatuen parkamenerako opari beharrik.

SALMOA

Sal 15, 5 eta 8. 9-10. 11

R/.Zaindu nagizu, Jauna, babes bila nator-eta Zugana.

Jauna da nire ondare eta edontzia;
Zuk dozu eskuetan nire zoria.
Begi aurrean ipinten dot beti Jauna;
eskuman dodala, ez naiteke dardara. R/.

Horregaitik, alai dot bihotza, pozik barrena,
haragi honek ere bakean dau atsedena.
Ez dozu-eta nire bizia Leizera jaurtiko,
ezta zure zintzoa ustelak hartzen itziko. R/.

Bizirako bidea erakutsiko deustazu:
alaitasun betea zeure aurrean,
betiko atseginak zeure eskuman. R/.

EBANJELIOA

Lau haizeetatik batuko ditu bere aukeratuak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 13, 24-32

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Egun hareetan, larrialdi handiaren ondoren, eguzkia ilunduko da, iretargiak ez dau argirik emongo, izarrak zerutik amiltzen hasiko dira eta ortziak dar-dar egingo dau. Orduan, Gizonaren Semea ikusiko dabe hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten; aingeruak bialduko ditu eta bere aukeratuak batuko lau haizeetatik, lurmuga batetik besteraino.
Ikasi pikuondoaren irudi honetatik: kimua barritzen eta orria zabaltzen jakoneko, badakizue udea hur dala. Era berean, gauza horreek jazoten ikustean, jakizue hur dala, ateetan, Gizonaren Semea. Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen jazoko dira gauza guztiok. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire berbak ez dira bete barik igaroko. Baina zein egun eta ordutan jazoko dan ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baino».