24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 18-09-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXIV
Evangelio y Lecturas de 18-09-2022

IRAKURGAIA 1

Pobreak diruz erosten dabezanen aurka.

Amos Profetearen liburutik
Am 8, 4-7

Entzun hau zuek, behartsuak zapaldu
eta herriko jente xehea hondatzen dozuenok.
Zeuen barruan dinozue:
«Noiz igaroko ete da ilbarri-jaia, garia saltzeko,
noiz zapatua, alea salgai atarateko?
Neurria txikiagotu
eta prezioa handituko dogu,
okerreko pisuak erabiliz;
gari-zahia ere saldu egingo dogu.
Jente apala dirutan erosiko dogu
eta behartsuak oinetako pare baten truke».
Jakoben ondorengoen harrogarri dan Jaunak zin dagi
ez dituala sekula ahaztuko horreen egintza txarrak.

IRAKURGAIA 2

Egin otoitz Jainkoari gizaki guztien alde, danak salbatzea gura dau-eta Berak.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik
1 Tm 2, 1-8

Anaia maite: Beste ezer baino lehen, gizaki guztien alde eskari, otoitz, erregu eta esker emoteak egiteko eskatzen deutsut; baita erregeen eta agintea daben guztien alde ere, modu nasai eta baketsuan bizi gaitezan, jainkozaletasunez eta duintasunez. Eder eta atsegin jako hau Jainko gure Salbatzaileari, Honek gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera heldu daitezan gura dau-eta.
Izan ere, bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa ere: gizon bat, Kristo Jesus, bere burua guztien salbamenerako ordain-saritzat emon ebana. Bere sasoian egindako autormena da hau, eta honetarako egin nau ni Jainkoak oihulari eta apostolu —egia dinot, ez dinot guzurrik—, jentilen maisu, honei sinesmena eta egia irakasteko.
Beraz, gizonezkoek toki guztietan otoitz egin dagiela gura dot, zerurantz esku garbiak jasoz, hasarrerik eta eztabaida barik.

SALMOA

Sal 112, 1-2. 4-6. 7-8

R/. Goratu egizue Jauna, behartsua ataraten dauana.

Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.

Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago.
Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Gorenean dau tronua,
baina beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko. R/.

Gizajoa hautsetatik jasoten dau,
behartsua zaborretatik ataraten,
eta handikien artean jesarriarazoten dau,
bere herriko handikien artean. R/.

EBANJELIOA

Ezin zaree izan Jainkoaren eta diruaren morroi.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 16, 1-13

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat eban, eta honek ondasunak alperrik galtzen ziharduala salatu eutsoen.
Deitu egin eutsan eta esan: "Zer da zutaz entzun dodan hori? Emoidazu etxezaintzaren kontua kargutik bota egiten zaitut eta".
Etxezainak, orduan, honan inoan berekautan: "Zer egin behar dot nik orain, nagusiak kargua kentzen deustan ezkero? Aitzurrerako ez naz gauza, eta eskerako lotsa naz. Badakit zer egin, kargutik botaten nabela etxean nork hartu izan dagidan".
Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu, eta lehenengoari itaundu eutsan: "Zenbat zor deutsazu nire nagusiari?" Harek erantzun: "Ehun upel orio". Etxezainak, orduan: "Hona zure ordain-agiria; agudo, jesarri eta idatzi berrogeita hamar". Gero, hurrengoari itaundu eutsan: "Zuk zenbat zor deutsazu?" Harek erantzun: "Ehun anega gari". Etxezainak, orduan: "Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei".
Eta nagusiak txalotu egin eban etxezain zuzenbako ha, zuhur jokatu ebalako. Izan ere, mundukoak zuhurragoak dira euren arteko arazoetan, argitakoak eurenetan baino».
Beraz, hauxe dinotsuet Nik ere: «Irabazi egizuez adiskideak bidebako dirutik, diruz; holan, dirua amaitzean, betiko bizilekuan hartuko zaitue Jainkoak. Gauza txikietan fidagarri dana, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzenbakoa dana, handietan ere zuzenbako. Bidebako dirua erabilten fidatzekoak izan ez bazaree, nork itzi zuen esku ondasunak? Zeuena ez dozuen aberastasunagaz fidatzekoak izan ez bazaree, nork emon benetan jagotsuena?
Ezin da morroi bat bi nagusiren zerbitzari izan. Izan ere, bata gorroto izango dau, eta bestea maite; edota bati leial izango jako, eta bestea ez dau aintzat hartuko. Ezin zaree Jainkoaren eta diruaren morroi izan».