24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 19-06-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XI
Evangelio y Lecturas de 19-06-2022

IRAKURGAIA 1

Melkisedekek ogi-ardoak atara zituan.

Hasiera liburutik
Has 14, 18-20

Egun hareetan, Melkisedekek, Xalemeko erregeak, Goi-goiko Jainkoaren abadea zan-eta, ogi-ardoak atara ebazan, eta Abram bedeinkatu eban, esanez:
"Goi-goiko Jainkoak, zeru-lurren egileak,
bedeinkatu dagiala Abram.
Eta bedeinkatua izan bedi Goi-goiko Jainkoa,
zeure arerioen garaile egin zaitualako".
Abramek harrapakin guztien hamarrenak emon eutsozan Melkisedeki.

IRAKURGAIA 2

Ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragarten dozue.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 11, 23-26

Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte.

SALMOA

Sal 109,1.2.3-4

R/. Melkisedeken sailean abade zara Zu behin betiko.

Hona Jaunak esana nire Jaunari:
«Jesarri zakidaz eskuman,
zure arerioak oin-aulki jarten deustazuzan bitartean». R/.

Siondik zabalduko dau Jaunak
zure aginte makilaren indarra:
«Izan zaitez nagusi zure arerioen artean». R/.

«Handiki zu jaiotegunetik santu dirdaian,
iruntza lez sortuazo zaitut artizarraren aurrean».
Jaunak zin egin dau eta ez jako damutuko:
«Melkisedeken sailean abade zara zu behin betiko». R/.

EBANJELIOA

Asetzeraino jan eben danek.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 11b-17

Aldi haretan, Jesusek Jainkoaren erreinuaz berba egin eutsan jenteari, eta preminea eben guztiak osatu zituan.
Eguna iluntzen hasi zan. Hamabiak hurreratu eta esan eutsoen Jesusi: "Bialdu egizu jentea, inguruko baserri eta auzoetara joan eta ostatua eta jatekoa bilatu dagien, hau bazterreko lekua da-eta". Jesusek erantzun eutsen: "Emoiezue zeuek jaten". Hareek, orduan: "Ez daukagu bost ogi eta arrain bi besterik, jente honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat". Bosten bat mila gizonezko ziran.
Jesusek esan eutsen ikasleei: "Jesarriazo berrogeita hamarnaka". Holan, danak jesarriazo ebezan.
Jesusek, bost ogiak eta arrain biak hartu eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, jenteari eskeintzeko. Asetzeraino jan eben danek, eta gelditutako hondarrez hamabi otzarakada bete ebezan.