23-11-2024 Sábado, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 20-10-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXIX
Evangelio y Lecturas de 20-10-2024

IRAKURGAIA 1

Bere bizia ordaintzat emoten badau, izango dau ondorengo ugari.

Isaias Profetearen liburutik
Is 53, 10-11

Jaunak oinazez josi gura izan eban.
Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
izango ditu ondorengoak
eta bizitza luzea,
eta haren bitartez Jaunaren nahia burutuko da.
Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko dau eta asea izango da.
Bere ezagutzaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak
asko egingo ditu zuzen,
hareen gaiztakeriak bere gain hartu ebazan-eta.

IRAKURGAIA 2

Goazen uste osoz graziaren aurkira.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 4, 14-16

Senideok: Gure abade nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun sinesmenari; izan ere, gure abade nagusia ez da gure ahuleriaz erruki ez daiteken norbait, bera ere, gu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta, pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia lortu eta preminaldian laguntza izan dagigun.

SALMOA

Sal 32, 4-5. 18-19. 20 eta 22

R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna, Zeugan dogu-eta geure uste ona.

Zuzena da Jaunaren hitza,
leiala Harek egin dauan guztia.
Zuzen eta bidezko dana dau maite,
Haren graziaz lurra dago bete.R/.

Hara, Jaunaren begiak beldur deutsoenakana,
Haren maitasuna itxaron dabenakana;
heriotzatik ditu atarako, eta gosetean aseko. R/.

Gure bihotza Jaunaren zain daukagu,
lagun eta babes Bera dogu.
Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zeugan dogu-eta geure uste ona. R/.

EBANJELIOA

Gizonaren Semea bere bizia askoren erospen sari emotera etorri da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 10, 35-45

[Aldi haretan, Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusegana hurreratu eta esan eutsoen: «Maisu, eskatuko deutsuguna Zuk guri egitea gura geunke». Jesusek itaundu eutsen: «Zer gura dozue, bada, Nik zuei egitea?» Eta hareek: «Jesarri gaitezala bata zure eskuman eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara heltzean».
Jesusek esan eutsen: «Ez dakizue zer eskatzen dozuen. Gauza al zaree Nik edan behar dodan kaliza mingotsa edateko, edo Nik murgildu behar dodan uretan murgiltzeko?» «Bai, gauza gara!», erantzun eutsoen.
Jesusek, orduan: «Nik edan behar dodan kaliza mingotsa, bai, edango dozue, baita Nik murgildu behar dodan uretan murgilduko ere; baina nire eskuma-ezkerretan jesarte hori ez dago nire esku inori emotea; Jainkoak norentzat dauan prestatuta, hari emongo jako».
Beste hamarrak, hori entzutean, hasarre jarri ziran Santiago eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan eutsen:] «Dakizuenez, herrien buruzagiek menpean hartzen dabez herriak eta handikiek euren agintea ezarten deutsee. Ez dau holan izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan nahi dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi dauana izan bedi guztien morroi. Gizonaren Semea ere ez da-eta zerbidua izatera etorri, zerbitzari izatera baino, eta bere bizia guztien alde ordainsaritzat emotera».