25-11-2024 Lunes, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 21-05-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, VII
Evangelio y Lecturas de 21-05-2023

IRAKURGAIA 1

Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 1, 1-11

Teofilo maitea: Neure lehenengo liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zan egunerarte Jesusek egin eta irakatsi eban guztia idatzi neban. Zerura igon aurretik, Espiritu Santuaren eraginez aginduak emon eutsezan Berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu jaken bere nekaldiaren ostean eta bizirik egoaneko froga asko emon eutsezan, berrogei egunez bere burua ikustera emonez eta Jainkoaren erreinuaz berba eginez.
Hareekin bazkaltzen ziharduan batean, honan agindu eutsen: «Ez alde Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin deutsuedan agintzariaren zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak egun gitxi barru».
Orduan, baturik egozanek itaundu eutsoen: «Jauna, orain ezarriko al dozu barriro Israelgo erreinua?» Jesusek erantzun eutsen: «Aitak bakarrik dau hori erabagiteko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan jazoko dan jakitea. Baina zuen gain jatsiko dan Espiritu Santuaren indarra hartuko dozue, eta nire lekuko izango zaree Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren azken mugaraino».
Hori esanik, gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte. Oraindino zerura zelan joian begira-begira egozala, zuriz jantzitako gizaseme bi azaldu jakezan ondoan, eta esan eutseen: «Galilearrok, zertan zagoze hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan dan Jesus hori, zerura joaten ikusi dozuen lez etorriko da barriro».

IRAKURGAIA 2

Zeruan bere eskumaldean jesarriazo eban.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 1, 17-23

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia, Bera ezagutzeko. Argitu dagizala zuen barruko begiak, jakin dagizuen zer itxarotera dei egin deutsuen, zein aberatsa dan fededunentzat oinordekotzan prestau dauan aintza.
Ahalmen eta indar hori Kristogan erakutsi eban Jainkoak, Berau hilen artetik biztu eta zeruan bere eskumaldean jesarriazo ebanean. Jainkoak aginte, ahal-izate, indar eta nagusitza guztien gainetik ezarri dau Kristo, eta mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aitatu daitekezan izen guztien gainetik.
Dana jarri dau Jainkoak Kristoren oinazpian, eta Berau ezarri dau danen gainetik Eleizaren buru. Haren gorputza da Eleizea, unibertsoa guztiz beteten dauan Kristok betea.

SALMOA

Sal 46,2-3.6-7.8-9

R/. Oihu alaien artean igon dau Jainkoak, turuta soinuz Jauna.

Herri guztiok, txalo jo egizue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege handi. R/.

Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
turuta soinuz Jaunak.
Eresi Jainkoari, eresi,
eresi gure erregeari, eresi. R/.

Jainkoa da-eta lurbira osoan errege,
egiozue jator gorazarre.
Jainkoa errege da atzerrietan,
jesarrita dago Jainkoa bere aulki santuan. R/.

EBANJELIOA

Aginpide oso-osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 28, 16-20

Aldi haretan, hamaika ikasleak Galileara joan ziran, Jesusek adierazo eutsen mendira. Ikusi ebenean, gurtu egin eben; batzuk, ostera, zalantzan egozan.
Jesusek, hurreraturik, honan berba egin eutsen: «Aginpide osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan. Zoaze, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bateatuz eta Nik agindu deutsuedan guztia beteten irakatsiz. Eta Ni zuekin izango nozue egunero munduaren azkenera arte».