24-04-2024 Miércoles, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 21-08-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XX
Evangelio y Lecturas de 21-08-2022

IRAKURGAIA 1

Atzerri guztietatik ekarriak izango dira zuen senide guztiak.

Isaias Profetearen liburutik
Is 66, 18-21

Hau dino Jaunak:
«Herri eta hizkuntza guztietako jentea
batzera etorriko naz;
hareek etorri
eta nire aintza ikusiko dabe.
Ezaugarri bat emongo deutset;
euren artean bizirik gelditutako batzuk
bialduko ditut nazinoetara;
Tarsis, Etiopia eta Lidiara,
Mexek, Tubal, Greziara eta urruneko herrietara,
inoiz nire barri izan ez daben
eta nire aintzarik ikusi ez dabenakana.
Eta nire aintza iragarriko dabe nazinoetan.
Atzerriko nazino guztietatik ekarriko dabez,
Jaunarentzat opari lez, zuen senide guztiak;
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando eta dromedarioetan ekarriko dabez
Jerusalemeko nire mendi santura —dino Jaunak—,
israeldarrek euren opariak Jaunaren etxera
ontzi garbietan ekarten dabezan lez.
Eta euren arteko batzuk ere aukeratuko ditut
abade eta levitar izateko —dino Jaunak—».

IRAKURGAIA 2

Jainkoak, maite dauana zentzatuarazoten dau.

Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 12, 5-7. 11-13

Senideok: Ahaztu egin dozue seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:
«Ene seme, ez baztertu
Jaunaren zentzaldia,
ezta galdu ere adorea,
hasarre egiten badeutsu,
maite dauana dau-eta Jaunak zentzatuarazoten
eta seme-alabatzat hartzen dauana dau zigortzen».
Jasaten dozuena zuek zentzatuarazoteko da; Jainkoak seme-alaba lez tratatzen zaitue. Izan ere, zein seme-alaba ez dau aitak zentzatuarazoten?
Egia esan, edozein zentzabide, momentuan, mingarria da, ez pozgarria; baina, gerora, haren bidez hezitakoei bere frutuak ekarten deutsez: bakea eta zuzentasuna. Jaso egizuez, beraz, esku jausiak eta belaun ahulduak, eta ibili zaiteze bide zuzenean, herrenaren hankea hausi ez daiten, osatu baino.
Ahalegindu zaiteze guztiekin bakean bizitzen, eta izan santu; bestela, ez dau inork Jauna ikusiko. Egon erne, inork Jainkoaren onginahia galdu ez dagian; ez daitela zuen artean guztiok nahastau eta kutsatuko zaituen landare pozoitsurik hazi.

SALMOA

Sal 116, 1. 2

R/. Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barri Ona.

Goratu egizue Jauna, atzerri guztiak,
goretsi egizue, herri guztiak. R/.

Sendotu da-eta gugan bere maitasuna,
eta beti-betiko da Haren leialtasuna. R/.

EBANJELIOA

Etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jarriko dira.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 22-30

Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera bidean joiala, igaroten ebazan herri eta auzoetan irakasten eban.
Batek esan eutsan: «Jauna, gitxi al dira salbatzen diranak?» Jesusek erantzun eutsen: «Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Benetan esan, askok sartu gura izango dabe, baina ezin izango dabe sartu.
Etxeko jaunak jagi eta atea itxita gero, kanpoan gelditutakook ate joka hasiko zaree: "Edegi, Jauna!" Baina Harek erantzungo deutsue: "Ez dakit nongoak zareen".
Orduan, zuek honan hasiko zajakoze: "Zugaz jan eta edanak gara, eta Zuk gure plazetan irakatsi izan dozu". Baina Harek erantzungo deutsue: "Ez dakit nongoak zareen. Alde Nigandik, gaizkileok!"
Orduan, negarra eta agin-karraskadea izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen buruak, barriz, jaurtiak. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko dira. Begira: orain azkenengo diran batzuk lehenengo izango dira, eta lehenengo diran batzuk azkenengo»