26-04-2024 Isidoro, obispo y doctor
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 22-01-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, I
Evangelio y Lecturas de 22-01-2023

IRAKURGAIA 1

Jentilen Galilean argi handi bat ikusi eban herriak.

Isaias Profetearen liburutik
Is 8, 23b—9, 3

Sasoi batean, lotsagarri itzi zituan Jaunak
Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea;
azken aldian, ostera, ospetsu egin dau
itsaso ondoko bidea,
Jordanez bestaldeko lurraldea,
eta Galilea, Jentilen eskualdea.
Ilunpetan ebilen herriak
argi handia ikusi eban;
heriotz-kerizpean bizi ziranei
argiak egin eutsen disdira.
Gehitu zenduan poza eta handitu atsegina;
pozetan dabilz zure aurrean,
uzta batzean izaten dan pozaz,
harrapakinak banatzean izaten dan atseginaz.
Apurtu dozu-eta lepoan eroien buztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea apurtu zenduan lez.

IRAKURGAIA 2

Izan zaiteze iritzi bereko, eta ez ibili banatuta.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 1, 10-13. 17

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren izenean arren eskatzen deutsuet: etorri zaiteze bat guztiok eta ez bedi izan zatiketarik zuen artean; bizi alkar ondo harturik, ikuspegi eta iritzi bat bera dozuela.
Izan ere, ene senideok, Kloeren jenteagandik jakin dot eztabaidak dozuezala zeuen artean: hau da, hor ei diharduzue nor bere aldetik esaten: "Ni Paulorena naz", "Ni Apolorena"; "Ni Pedrorena", "Ni Kristorena".
Zatituta al dago, bada, Kristo? Paulo kurutzeratu ete eben zuekaitik? Edota Pauloren izenean bateatu ete zinduezan?
Kristok ez ninduan bateatzera bialdu, Barriona iragartera baino, eta hau, ez giza jakituriazko berbaz, Kristoren kurutzeak bere indarra galdu ez dagian baino.

SALMOA

Sal 26, 1. 4. 13-14

R/. Jauna dot argi eta salbamen

Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/.

Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi naitela Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.

Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.

EBANJELIOA

Kafarnaumera joan zan bizitzera, Isaias profeteak esana bete eiten.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 4, 12-23

Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebela jakin ebanean, Jesus Galileara baztertu zan. Baina Nazaret itzirik, itsasbazterrean dagoan Kafarnaumen jarri zan bizitzen, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Holan bete zan Isaias profeteak esana:
«Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea,
itsasbidea, Jordanez bestaldean,
Jentilen Galilea.
Ilunpetan bizi zan herriak argi handia ikusi eban;
heriotz-kerizpean bizi ziranei
argiak egin eutsen disdira».
Ordutik hasi zan Jesus iragarten: «Bihozbarritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua».
Jesusek, Galileako itsasbazterrean zehar ebilela, anaia bi ikusi zituan, Simon, Pedro deitua, eta haren anaia Andres, sareak itsasoan botaten, arrantzaleak ziran-eta. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Nigaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek bat-batean sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
[Aurreratxoago, beste anaia bi ikusi zituan, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, aitagaz ontzian sareak konpontzen; eta dei egin eutsen. Hareek, bat-batean, ontzia eta aita itzirik, jarraitu egin eutsoen.
Jesus Galilea osoan zehar ebilen, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren Barriona iragarten eta herrian gaitz eta gaixotasun guztiak osatzen].