10-03-2025 Lunes, I semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 23-02-2025
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, I
Evangelio y Lecturas de 23-02-2025

IRAKURGAIA 1

Jaunak gaur nire eskuetan jarri zaitu;baina, nik ez deutsut eskurik ezarrii nahi izan.

Samuelen lehenengo liburutik
1 Sm 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23

Egun hareetan, Saul erregea Zif basamortura jatsi zan, Israelgo hiru mila gizon aukeratu beragaz zituala, Daviden bila.
David eta Abixai gauez heldu ziran Saulen gudarostea egoan lekura. Saul lotan aurkitu eben, kanpalekuaren erdian etzunda, lantza lurrean sartuta buru ondoan. Abner eta gainerako jentea erregearen inguruan egozan lo. Abixaik esan eutsan Davidi: ”Jainkoak zeure esku jarri deutsu gaur arerioa. Itzi egidazu lantza-kolpe batez lurrari josten; ez dot birritan jo beharrik izango”. Davidek, ostera, Abixairi: ”Ez hil! Ez litzateke zigor barik geldituko Jaunaren igurtziari eskua ezarriko leukiona”.
Orduan, Davidek Saulen buru ondoan egoan lantzea eta ur-ontzia hartu ebazan, eta alde egin eben biek. Ez ebazan inork ikusi, ez ohartu; ez zan inor esnatu ere. Lo egozan danak, Jaunak bialdutako lozorroak harturik.
David bestaldera joan eta mendi gailurrean gelditu zan, urrun, arerioen eta bere artean tarte handia itziz. Davidek oihu egin eban: ”Errege, hona hemen zure lantzea. Bialdu egizu mutilen bat bila. Nori berea ordainduko deutso Jaunak, bere zuzentasun eta leialtasunaren arabera. Jaunak nire esku jarri zaitu gaur, baina nik ez deutsat eskurik ezarri gura izan Jaunaren igurtziari”.

IRAKURGAIA 2

Lurrekoaren antza daroagun lez, eroango dogu zerukoarena ere.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 15, 45-49

Senideok: Lehenengo gizakia, Adam, izaki bizidun egin zan; azkenengo Adam, barriz, Espiritu bizi-emoile.
Ez zan espirituzkoa izan lehenengoa, haragizkoa baino; espirituzkoa ondoren dator. Lehenengo gizakia lurreko hautsetik hartua izan zan; bigarrena, barriz, zerutik dator. Lurtarra, Adam, lurtarren eredua da; zerutarra, Kristo, zerutarren eredua.
Eta lurtarraren irudiko garan lez, zerutarraren irudiko ere izango gara.

SALMOA

Sal 102, 1-2. 3-4. 8 eta 10. 12-13

R/. Errukior da Jauna eta bihozbera.

Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barren osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bediz ahaztu haren mesedeak. R/.

Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gaitz guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta ondoguraz betea.
Ez gaitu erabilten gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

Zelan sortaldea mendebaldetik urrun,
halan ditu Harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat errukitsu. R/.

EBANJELIOA

Izan zaiteze errukiorrak zuen Aita errukiorra dan lez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 6, 27-38

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: «Hau dinotsuet zuei, entzuleoi: Maitatu egizuez zeuen arerioak, egin on gorroto deutsueenei, bedeinkatu madarikatzen zaitueenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsueenen alde.
Matraila batean joten zaituenari eskeini bestea ere; soingainekoa kentzen deutsunari ez ukatu jantzia ere.
Eskatzen deutsun edonori emon, eta zeurea kentzen deutsunari ez bihurtuazo. Eta besteek zuei egitea nahi dozuena, egin zuek ere besteei. Maite zaituenak bakarrik maite badozuez, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere maite dabez euren maitaleak. Eta on egiten deutsueenei bakarrik egiten badeutsezue on, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere egiten dabe beste horrenbeste. Eta ordaina hartzekotan bakarrik emoten badozue maileguz, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere aurreratu ohi deutsoe alkarri, beste hainbeste hartzekotan. Ez! Zuek maitatu arerioak, egin on eta emon maileguz, ordainari begiratu barik: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zaree, ona da-eta Bera esker txarreko eta gaiztoentzat. Izan zaiteze errukior, zuen Aita errukior dan lez.
Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaitue gaitzetsiko; ez kondenatu eta ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».