05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 23-04-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Pascua, IV
Evangelio y Lecturas de 23-04-2023

IRAKURGAIA 2

Bildots garbi eta akas bakoa dan Kristoren odol ederraz izan zaree erosiak.

San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 P 1, 17-21

Senide maiteok: Nor bere egintzen arabera, bereizkeria barik, epaitzen dauanari "Aita" deitzen deutsazuen ezkero, jokatu egizue begirunez munduko erbestealdian bizi zareen bitartean. Badakizue zuen gurasoakandik hartutako biziera zentzun bakotik askatuak izan zareela, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zidarrez, bildots garbi eta akats bako lez zuen alde bere burua eskeini dauan Kristoren odol baliotsuaz baino. Mundua mundu izan aurretik egoan Kristo Jainkoaren asmotan eta azken sasoi honeetan agertu da zuen onerako. Eta zuek beronen bidez sinesten dozue hilen artetik biztu eta aintzaz bete eban Jainkoagan; holan, zeuen sinesmena eta itxaropena Jainkoagan jarriak dozuez.

SALMOA

Sal 15, 1-2a eta 5. 7-8. 9-10. 11

R/. Bizirako bidea erakutsiko deustazu, Jauna.

edo Aleluia.

Zaindu nagizu, Jauna,
babes bila nator-eta Zugana.
Honan dinotsot Jaunari: <>.
Jauna da nire ondare eta edontzia;
Zuk dozu eskuetan nire zoria. R/.

Onesten dot Jauna, aholkua emon deustalako,
gauez ere neure bihotzak oharrazoten naualako.
Begi aurrean ipinten dot beti Jauna;
eskuman dodala, ez naiteke dardara. R/.

Horregaitik, alai dot bihotza, pozik barrua,
haragi honek ere bakean dau atsedena.
Ez dozu-eta nire bizia Leizera jaurtiko,
ezta zure zintzoa ustelak hartzen itziko. R/.

Bizirako bidea erakutsiko deustazu:
alaitasun betea zeure aurrean,
betiko atseginak zeure eskuman. R/.

EBANJELIOA

Ogia zatitzean ezagutu eben.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 24, 13-35

Jesusen ikasle bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen jazotako guztiez berba egiten eben alkarregaz. Eta, berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken eta eurekin joian; hareen begiak, ostera, itsu egozan eta ez eben ezagutu.
Jesusek esan eutsen: «Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?» Hareek gelditu egin ziran, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas eritzonak, erantzun eutsan: «Zeu izango zara Jerusalemen egun honeetan jazo dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!» Jesusek itaundu eutsen: «Zer jazo da, ba?»
Hareek erantzun eutsoen: «Jesus Nazaretarrarena; profeta ahaltsua zan egitez eta hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure abadeburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. Guk uste genduan Berak askatuko ebala Israel; baina badira hiru egun hori jazo dala. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik itzi gaitueela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeruak agertu jakezala esanez etorri jakuz. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek esan daben lez aurkitu dabe; baina Bera ez dabe ikusi».
Orduan, Jesusek esan eutsen: «Bai zentzunbakoak zareela, bai motelak profetek esana sinesteko! Ez al eban, bada, Mesiasek hori guztia sufridu behar, bere aintzan sartzeko?» Eta, Moisesegandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz inoen guztia azaldu eutsen.
Joiazan herritxora hurreratu ziranean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin eban. Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez gugaz, berandu da-eta, eta iluna gainean ». Eta herrian sartu zan hareekaz gelditzeko.
Hareekin mahaian egoala, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta emon egin eutsen. Orduan begiak edegi jakezan eta ezagutu egin eben; baina Jesus desagertu egin jaken.
Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan bihotza sutan, bidean berba egiten euskunean eta Liburu Santuak azaltzen euskuzanean?» Eta berehala jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran. Han Hamaikak eta honeen lagunak batuta aurkitu ebezan, hau inoela: «Biztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu jako».
Ikasle biek bidean jazoa kontatu eutseen eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben.