17-05-2024 Viernes, VII semana - pascua
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 23-07-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XVI
Evangelio y Lecturas de 23-07-2023

IRAKURGAIA 1

Pekatuen ondoren damu bidea emoten dozu.

Jakituriaren liburutik
Jkd 12, 13. 16-19

Ez da gauza guztiez arduratzen dan Zu beste jainkorik,
ez dozu zure epaia zuzena dala inori frogatu beharrik.
Zure indarra da justiziaren oinarria,
eta gauza guztien nagusi izateak
guztiekin errukior izatera zaroaz.
Guztiz ahaltsu zarala sinesten ez dabenei
zeure indarra erakusten deutsezu,
eta, nahiz eta zure indar hori autortu,
ausardiaz jokatzen dabenak salatzen (nahasten) dozuz;
baina Zuk, zeure indarraren nagusi zaran Horrek,
neurritasunez epaitzen dozu
eta bihozberatasun handiz gobernatzen;
zeure esku dozu nahi dozunean indarraz baliatzea.
Holan jokatuz erakutsi deutsazu zeure herriari
gizon zuzenak gizakiaren adiskide izan behar dauala,
eta, pekatariei bihozbarritzeko aukera emonez,
itxaropenez bete dozuz zeure seme-alabak.

IRAKURGAIA 2

Espirituak eskatzen dau gure alde, esan ezin ahalako intziriz.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 8, 26-27

Senideok: Era berean, Espiritua jatorku geure makaltasunean lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen dau gure alde, esan ezin ahalako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde.

SALMOA

Sal 85, 5-6. 9-10. 15-16a

R/. Ona zara, Jauna, eta errukiorra.

Ona zara, Jauna, eta parkabera,
dei egiten deutsuenentzat ondoguraz betea.
Entzun nire otoitza, Jauna,
egin jaramon nire erregu-oihuari. R/.

Egin dozuzan nazino guztiak
zure aurrean ahuspeztera etorriko dira, Jauna,
eta zure izena ospatzera.
Handia zara, eta mirarigilea,
Zeu bakarrik Jainkoa. R/.

Baina Zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra, *
hasarregaitza, ondoguraz eta leialtasunez betea,
bihurtu nigana eta erruki zakidaz. R/.

EBANJELIOA

Itzi biak batera hazten uzta arte.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 13, 24-43

Aldi haretan, parabola hau esan eutsan Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuagaz gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez jazoten da. Jentea lo egoala, etorri zan arerioa eta gari artean galbedarra erein eta alde egin eban.
Garia hazi eta burutu zanean, han azaldu zan galbedarra ere. Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan eutsoen: "Jauna, ez al zenduan hazi ona erein soloan? Nondik dau, bada, galbedarra?" Nagusiak erantzun eutsen: "Arerioaren lana da hori". Morroiek, orduan: "Joango al gara galbedarra batzera?" Eta nagusiak: "Ez! Ez daitela jazo, galbedarra batzean garia ere ataratea. Itzi biak batera hazten uztaroa heldu arte; orduan, igitariei esango deutset: Batu lehenengo galbedarra, lotu eta erre; garia, barriz, jaso nire garautegira"».
Jesusek parabola hau esan eutsan jenteari: «Zeruetako erreinua gizon batek soloan ereiten dauan mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten danean, beste barazki guztiak baino handiagoa bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
Beste parabola hau ere esan eutsan jenteari: «Zeruetako erreinua legaminaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-urunetan nahasten dau, eta oraldi guztia harrotzen da».
Irakaspen guztia hau parabolen bidez emon eutsan Jesusek jenteari, eta ez eutsen ezer irakasten parabolen bidez izan ezik. Honan bete zan Jainkoak profetearen bidez esandakoa:
«Parabolen bidez berba egingo dot,
munduaren hasieratik gordeta egoana azalduko».
Orduan, jentea agurturik, etxera joan zan Jesus. Orduan, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Argitu egiguzu soloko galbedarraren parabolea».
Jesusek erantzun eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da, soloa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; galbedarra erein dauan arerioa deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-batzaileak aingeruak.
Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, holan jazoko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko ditu, eta haren erreinutik bereiztu egingo dabez gaizkileak eta besteentzat gaizpide izan diranak, eta su-labara botako dabez. Han izango dira negarra eta agin-karraska! Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe disdira, euren Aitaren erreinuan. Belarririk dauanak entzun begi».