24-11-2024 Jesucristo Rey del Universo
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 23-10-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXIX
Evangelio y Lecturas de 23-10-2022

IRAKURGAIA 1

Behartsuaren otoitzak hodeiak zulatzen ditu.

Siraken liburutik
Si 35, 15b-17. 20-22a

Epailea da Jauna,
eta ez dau Haregan eraginik inoren izenak;
ez dau alderdikeriarik egiten behartsuaren kontra
eta entzun egiten dau zapalduaren eskaria.
Ez dau umezurtzaren erregua bertan behera izten,
ezta kexaz joakon alarguna ere.
Jaunak gogo onez hartzen dau Bera zerbitzen dauana,
eta honen eskaria zeruraino heltzen da.
Apalaren otoitzak hodeiak zulatzen ditu
eta ez dau onik bere helmugara heldu arte;
ez dau etsitzen, Goi-goikoak esku hartu
eta errubageei justizia egin arte.

IRAKURGAIA 2

Orain prestaturik dago niretzat zuzentasunaren koroia.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik
2 Tm 4, 6-9. 16-18

Anaia maite: Ni neure bizia oparitzat eskeintzeko zorian nago; gainean dot mundu honetatik abiatzeko ordua. Burruka ona egin dot, amaitu dot lasterketea, gorde dot sinesmena. Dagoaneko zain daukot garaipenaren koroia, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emongo deustana; eta ez niri bakarrik, baita beraren agerraldia maitasunez itxaron daben guztiei ere.
Zatorkidaz lehenbailehen. Nire auziko lehenengo defentsan ez eban inork urten nire alde; bakarrik itzi ninduen danek; Jainkoak ez deiela kontuan hartu. Baina Jauna neugaz izan neban eta indartu egin ninduan, nire bidez mezua osorik iragarria izan eiten eta jentil guztiek entzun egien. Berak atara ninduan lehoiaren ahotik. Jaunak atarako nau gaitz guztitik eta salbatuko, zeruko bere erreinura eroanez. Berari aintza gizaldien gizaldietan. Amen.

SALMOA

Sal 33, 2-3. 17-18. 19 eta 23

R/. Dohakabeak oihu egin eban eta Jaunak entzun.

Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.

Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen gomutapena.
Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu. R/.

Hur jake Jauna bihotz-hautsiei,
salbatzen ditu barru-jausiak.
Jaunak askatzen dau bere zerbitzarien bizia,
Haregan babesten diranek ez dabe zigorrik izango. R/.

EBANJELIOA

Zergalaria Jainkoagaz adiskideturik jaitsi zan etxera; fariseua, barriz, ez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 18, 9-14

Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek euren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten ebezan batzuei:
«Gizon bik igon eben tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutunik, honan egiten eban otoitz bere barruan: "Eskerrak emoten deutsudaz, ene Jainko, besteak lakoa ez nazalako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori lakoa ere. Astean bitan egiten dot barau, eta ditudan guztien hamarrenak emoten ditut".
Zergalaria, barriz, urrun gelditurik, ez zan begiak zerura jasotera ere ausartzen. Bular joka ziharduan, ostera, esanez: "Ene Jainko, erruki zakioz pekatari honi!"
Hara Nik esan: azkeneko hau Jainkoagaz adiskideturik bihurtu zan etxera; bestea, barriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».