29-03-2024 Viernes, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 24-07-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XVI
Evangelio y Lecturas de 24-07-2022

IRAKURGAIA 1

Ez bedi hasarratu nire Jauna, berbetan jarraitzen badot.

Hasiera liburutik
Has 18, 20-33

Egun hareetan, Jaunak esan eban: «Izugarria da Sodomaren eta Gomorraren kontrako salakuntza, eta larriegia uri horreen pekatua. Salakuntza hori egia ala guzurra dan ikusi behar dot».
Gizasemeek handik urten eta Sodomarantz jo eben; Abraham, barriz, Jaunaren aurrean zutunik gelditu zan. Hurreraturik, esan eutsan: «Benetan, errubagea ere galdu egin behar ete dozu errudunagaz batean? Beharbada, badira berrogeita hamar errubage urian. Horreek ere galdu egin behar ete dozuz? Ez ete deutsazu parkatuko uriari berrogeita hamar errubageokaitik? Alde zugandik holakorik egitea, errubagea errudunagaz batera hilarazotea! Zelan jokatuko dozu, bada, bardin batagaz zein besteagaz? Zuk ez holakorik! Munduaren epaileak ez ete dau zuzenbiderik egingo?»
Jaunak erantzun eutsan: «Sodomako uri barruan berrogeita hamar errubage aurkitzen baditut, uri osoari parkatuko deutsat hareekaitik».
Eta Abrahamek barriz: «Ausardia da benetan hauts eta errauts nazan honek neure Jaunari berba egitea. Jazo daiteke berrogeita hamarrera heltzeko bost falta izatea; uri osoa hondatuko ete dozu bost horreekaitik?» «Ez -erantzun eutsan Jaunak- , ez dot hondatuko, urian berrogeita bost aurkitzen baditut». Oraindino ere Abrahamek: «Jazo daiteke berrogei besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ba, ez dot hondatuko berrogei horreekaitik».
Orduan, Abrahamek esan eutsan: «Ez zaitez hasarratu, ene Jauna, berbetan jarraitzen badot. Jazo daiteke hogeita hamar besterik ez izatea». «Ez dot hondatuko, hogeita hamar aurkitzen baditut», erantzun eutsan Jaunak. Abrahamek barriro: «Badakit ausartegia nazala; baina jazo daiteke hogei besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ez dot hondatuko hogei horreekaitik». Eta Abrahamek: «Ez hasarratu, Jauna, beste behin berba egiten dadeutsut. Jazo daiteke hamar besterik ez izatea». Jaunak erantzun eutsan: «Ez dot hondatuko hamar horreekaitik».
Jaunak, Abrahamegaz berbetan amaitu ostean, alde egin eban, eta Abraham bere txabolara bihurtu zan.

IRAKURGAIA 2

Jainkoak Beragaz bizia emon eutsuen,zuen pekatu guztiak parkatuta.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik
Kol 2, 12-14

Senideok: Bateoaren bidez, Kristogaz hobiratuak izan zaree, eta biztu ere, Beragan biztu zaree, Ha hildakoen artetik biztu eban Jainkoaren ahalmenean sinestuz.
Sasoi batean, hilda zengozen zeuen pekatuakaitik eta erdainbakoak zineelako; baina Jainkoak biziarazo egin zaitue Kristogaz batera, pekatu guztiak parkaturik. Gu gaitzesten ginduzan epai-agiria hondatu egin dau eta kurutzean josiz ezerreztu.

SALMOA

Sal 137, 1-2a. 2bcd-3. 6-7. 8

R/. Otsegin neutsunean, entzun ninduzun, Jauna.

Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna, bihotz-bihotzez,
kantuz ospatzen zaitut aingeruen aurrean,
eta zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz.

Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure maitasun eta leialtasunagaitik,
paregabeak egin dozuz-eta
zeure izena eta promesa.
Dei egin neutsunean, erantzun zeustan,
bihotzean kemena bizkortu.

Gorena da, bai, Jauna,
baina umilari deutso begiratzen;
harroari, barriz, urrundik igarten.
Larrialdian aurkitzean,
bizia babesten deustazu arerioen amorruaren aurrean,
eskua luzatu eta salbatzen nozu.

Dana egingo dau Jaunak nire alde.
Jauna, zure maitasuna betikoa,
ez itzi bertan behera zeure eskuen lana!

EBANJELIOA

Eskatu egizue, eta emongo jatzue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 1-13

Aldi haretan, Jesusek otoitzean ziharduan leku batean; amaitu ebanean, bere ikasleetako batek esan eutsan: «Jauna, irakatsi egiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez».
Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue:
"Aita, santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
emoiguzu egunean eguneko ogia,
eta parkatu gure pekatuak
guk ere zor deuskuen guztiei
parkatzen deutsegun ezkero,
eta ez gu tentaldira eroan"».
Gero, esan eutsen: «Emon dagigun, zuetako batek adiskide bat dauala eta gauerdian jatorkola, esanez: "Adiskide, emoidazak hiru ogi, bihurtuko deuadaz- eta; lagun bat etorri jatak bidaian eta ez jaukat zer eskeini". Emon dagigun, besteak barrutik erantzuten deutsola: "Itzi nagik bakean! Atea itxita jagok eta umeak eta neu oheratuak; ezin naitekek emotera jagi". Hona Nik esan: adiskidea daualako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jagi eta emon egingo deutso behar dauana».
Hauxe esaten deutsuet, beraz: «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue; eskatzen dauanak hartu egiten dau-eta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako. Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso arrainaren ordez? Edota arrautzea eskatuta, eskorpioia emongo ete deutso? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak emoten baldin badakizue, zenbatez gehiago ez deutse zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emongo eskatzen deutseenei?»