12-11-2024 Martes, XXXII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 25-02-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, I
Evangelio y Lecturas de 25-02-2024

IRAKURGAIA 1

Sinesmenean gure aita dogun Abrahamen oparia.

Hasiera liburutik
Has 22, 1-2. 9a. 10-13. 15-18

Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu gura izan eban eta dei egin eutsan: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera, eta eskeini egidazu erre-oparia, Nik erakutsiko deutsudan mendi gainean».
Aita-semeak Jainkoak esandako lekura heldu ziranean, Abrahamek altarea eregi eban eta egurra prestau. Eskua luzatuz, hartu eban Abrahamek aiztoa bere semea hilteko. Baina Jainkoaren aingeruak dei egin eutsan zerutik: «Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan: «Ez luzatu eskua zeure semearen gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirunea deutsazula, ez deutsazu-eta zeure seme bakarra bera ere ukatu».
Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi eban adarretatik sastraka artean kateatua, hartu eta erre-oparitzat eskeini eban semearen ordez.
Barriro ere dei egin eutsan Jaunaren aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hau dino Jaunak: Ala Ni Jainkoa! Holan jokatu dozulako, zeure seme bakarra ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko hondarra baizen ugari egingo ditut, eta arerioen uriez jabetuko dira. Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».

IRAKURGAIA 2

Jainkoak bere Semeari berari ez eutsan parkatu.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 8, 31b-34

Senideok: Jainkoa gure alde badogu, nor gure aurka? Bere Semeari berari parkatu ez eutsanak, eta gu guztion alde heriotzara emon ebanak, zelan ez deusku Haregaz batera dana dohairik emongo?
Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratutakoak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristok, hil zanak, biztu ere egin zanak, Jainkoaren eskumaldean dagoan eta gure alde otoitzean diharduanak?

SALMOA

Sal 115, 10 eta 15. 16-17. 18-19

R/. Salbamen-kopea dot jasoko eta Jaunaren izenari dei egingo.

Sendo nengoen fedean,
«Ni bai zoritxarreko» esatean ere.
Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotzea. R/.

Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
zure zerbitzari ezereza:
Gorespen-oparia deutsut eskeiniko,
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

Beteko deutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarian,
Jerusalem, zure erdian. R/.

EBANJELIOA

Hauxe da nire Seme maitea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 9, 2-10

Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eroan zituan eurak bakarrik. Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean. Jantziak disdiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri daikezan baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
Pedrok esan eutsan Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban; izan ere, zehatz bildurrak harturik egozan.
Orduan, hodei batek estaldu egin ebazan, eta ahots batek urten eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta haretan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi eben eurakaz, beste inor ez.
Menditik behera jaisterakoan, ikusi ebenaren barri inori ez emoteko agindu eutsen Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. Agindu hori bete eben, baina alkarri itauntzen eutsoen zer izan ete leitekean «hilen artetik bizte» hori.