20-05-2024 Lunes, semana -
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 25-06-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XII
Evangelio y Lecturas de 25-06-2023

IRAKURGAIA 1

Neugaz dot Jauna, gudari indartsu.

Jeremias Profetearen liburutik
Jr 20, 10-13

Honan berba egin eban Jeremiasek:
«Jentearen mehatxuak entzuten ditut,
bildur-ikara edonon:
"Salatu, salatu dagigun".
Adiskideak eurak ere begira ditut,
nik noiz huts egingo:
"Ea engainatzen dogun —dinoe—;
orduan menperatuko dogu
eta mendekatuko gara haretaz".
Baina neugaz dot Jauna, gudari indartsu;
jausiko dira nire arerioak,
ezin izango nabe garaitu;
hareen asmoek porrot egingo dabe,
hareen lotsea sekulakoa izango da,
ahaztu ezina betiko.
Jaun ahalguztiduna, zuzen aztertzen dozuna,
gizakiaren buru-bihotzak ikusten dozuzana,
zure esku itzi dot neure auzia:
ikusiko ahal dot zure mendekua arerioen bizkar!
Kanta Jaunari, goraldu egizue Jauna,
Harek askatu dau-eta gaiztoen eskutik behartsuaren bizia».

IRAKURGAIA 2

Jainkoaren dohaiagaz ez da pekatuagaz lez jazotzen.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik Erm 5, 12-15

SENIDEOK:
Gizon baten bidez sartu zan pekatua munduan, eta pekatuaren bidez heriotza; holan, heriotza gizaki guztiengana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu.

Egia da legea baino lehen bazala pekatua munduan; baina pekatua ez jako inori ezartzen, legerik ez badago. Halan be, Adamengandik Moisesenganaino nagusi izan zan heriotza gizakien gain, baita Adamen hutsegitearen antzeko pekaturik egin ez ebenen gain be. Adam etortzekoa zanaren irudi da.

Baina Jainkoaren dohaiagaz ez da pekatuagaz lez jazotzen. Izan be, gizon bakar baten pekatuaz danak hil badira be, askoz ugariago zabaldu da danentzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker, hain zuzen be.

Jaunak esana.

SALMOA

Erantzun salmoa Sal 69 [68], 8-10. 14 eta 17. 33-35 (R/. 14c)

R/. Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz.

V/. Zugaitik jasan ditut irainak,
Zugaitik lotsaz gorritua dot aurpegia.
Arrotz geratu naz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.
Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
eta gainera datorkidaz Zuri egindako irainak. R/.

V/. Baina nik Zuri dagitsut otoitz;
mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbazino leialaz.
Erantzun, Jauna, samurra da-eta zure maitasuna,
bihurtu nigana begiak zeure erruki handiaz. R/.

V/. Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila zabiltzenok.
Izan be, entzuten deutse Jaunak behartsuei,
ez ditu gitxiesten berari lotuak.
Goratu begie zeru-lurrek,
itsasoak eta bertan bizi diran guztiek. R/.

EBANJELIOA

Ez izan bildurrik gorputza hilten dabenei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 10, 26-33

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere apostoluei: «Ez izan gizakien bildurrik. Ez da-eta ezer ezkuturik, agertuko ez danik; ez ezer gorderik, jakingo ez danik. Gaueko ilunpetan esaten deutsuedana, esaizue eguneko argitan, eta belarrira entzuten dozuena, iragarri etxe gainetatik.
Ez izan bildurrik gorputza hilten dabenei, baina arima ezin hil daikeenei; izan bildur, inori izatekotan, gorputz-arimak su-leizean galdu daikezanari. Ez al dira, txanpon batean saltzen txori bi? Eta hareetako bakar bat ere ez da lurrera jausten zuen Aitaren baimen barik. Zuen buruko ule guztiak ere kontauta dagoz. Beraz, ez izan bildurrik; txori guztiak baino gehiago zaree zuek.
Gizakien aurrean nire alde urteten dauanak, bere alde izango nau Ni ere, zeruetan dagoan nire Aitaren aurrean. Gizakien aurrean Ni ukatzen nauana, ostera, ukatu egingo dot Neuk ere zeruan dagoan nire Aitaren aurrean».