14-10-2024 Lunes, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 25-08-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXI
Evangelio y Lecturas de 25-08-2024

IRAKURGAIA 1

Jauna zerbiduko dogu, Ha da-eta gure Jainkoa.

Josueren liburutik
Jos 24, 1-2a. 15-17. 18b

Egun hareetan, Israelgo leinu guztiak batu ebazan Josuek Sikemen. Dei egin eutsen Israelgo arduradun, buruzagi, epaile eta funtzionarioei ere, eta Jaunaren aurrera agertu ziran. Orduan, hau esan eutsan Josuek herri osoari:
Jauna zerbitzea txarto begitantzen bajatzue, aukeratu egizue gaur zein zerbidu: zuen asabek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbidu ebezan jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareen herrialdeko jentearenak, hain zuzen ere. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbiduko dogu».
Herriak erantzun eban: «Urrun gugandik Jauna iztea, jainko arrotzak zerbitzeko! Jauna dogu geure Jainkoa; Berak atara gaitu geu eta geure asabak Egiptotik, esklabotzatik; geure begiz ikusi doguz Berak egindako mirari handiak; Berak zaindu gaitu egin dogun bide guztian zehar, eta igaro doguzan herri guztietan babestu. Beraz, guk ere Jauna zerbiduko dogu, Bera dogu-eta geure Jainkoa».

IRAKURGAIA 2

Misterio handia da hau, Kristori eta Eleizari buruz.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 5, 21-32

Senideok: Izan zaiteze alkarren menpeko, Kristori deutsazuen begiruneagaitik. Emazteak izan daitezala euren senarren menpeko, Jaunaren menpeko lez, senarra emaztearen buru da-eta, Kristo Eleizearen buru dan lez, bere gorputza dauan Eleizearen salbatzaile dala. Eleizea Kristoren menpeko dan lez, izan beitez emazteak danetan senarren menpeko.
Senarrok, maitatu egizuez zeuen emazteak, Kristok Eleizea maitatu eta beraren alde bere burua emon eban lez. Bere burua eskeiniz, sagaratu egin eban Eleizea, Bateoko urez eta berbearen indarrez garbituz. Holan prestatu eban beretzat Eleiza disdiratsua, zikinik eta zimurrik edo antzeko ezer bakoa, santu eta kutsatu bakoa.
Era berean, senarrek ere euren gorputza lez maitatu behar dabez euren emazteak. Emaztea maite dauanak bere burua maite dau-eta. Ez dau inork bere gorputza gorrotatzen; jaten emon eta zaindu egiten dau. Bardin Kristok bere gorputza dauan Eleizea. Gu ere gorputz horren atal gara.
«Horregaitik, gizasemeak bere aitamak itziko ditu,
eta bere emazteagaz alkartuko da,
eta biak bat izango dira».
Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Eleizeari loturik ikusten dot.

SALMOA

Sal 33, 2-3. 16-17. 18-19. 20.21. 22-23

R/. Txastau egizue eta ikusi ze samurra dan Jauna

Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.

Zintzoakana ditu Jaunak begiak,
zuhur hareen oihura belarriak.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen gomutapena.

Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu.
Hur jake Jauna bihotz-hautsiei,
salbatzen ditu barru-jausiak. R/.

Zoritxar asko izaten ditu zintzoak,
baina guztietatik libratzen dau Jaunak.
Hazur guztiak zaintzen deutsoz,
bat bakarra ere ez deutsoe hautsiko. R/.

Gaiztakeriak hilten dau gaiztoa;
zintzoari gorroto deutsoenek zigorra dabe izango.
Jaunak askatzen dau bere zerbitzarien bizia,
Haregan babesten diranek ez dabe zigorrik izango. R/.

EBANJELIOA

Nogana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 60-69

Aldi haretan, Jesusen ikasleetako askok esan eban: «Gogorra da hizkera hau. Nork entzun daike?»
Jesusek, bere barruan oharturik ikasleek marmarka ziharduela, esan eutsen: «Onargaitza al deritzozue horri? Eta Gizonaren Semea lehen egoan tokira igoten ikusiko bazendue, orduan zer? Espiritua da bizia emoten dauana; haragia berez ez da ezertarako. Nik esan deutsuedazan berbak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez daben batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik ekian nortzuk ez eben sinesten eta nork salduko eban. Eta esan eban gainera: «Horregaitik esan deutsuet ezin dala inor ere Nigana etorri, Aitak ez badeutso horretarako gaitasuna emoten».
Ordutik, haren ikasleetariko askok atzera egin eban, eta aurrerantzean ez ziran Haregaz ibili. Orduan, esan eutsen Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al dozue?» Erantzun eutsan Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe. Eta guk sinestu dogu eta badakigu Zeu zarala Jainkoaren Santua».